Principal |
Nafarroa :: 18/11/2016

Altsasuko eskandalua: Zer dago zirku mediatikoaren atzean?

Lander Arbelaitz / Argia
Nola amaituko da guzti hau? Zigor Kode berriaren muga lausoetan noraino joan daitezkeen ikusteko Euskal Herriko kasu bat erabiliko dutela dirudi.

Astelehen gauean altsasuarrek atxiloketen aurkako protesta egin zuten. (Argazkia: Guaixe)

Urriaren 15ean, herriko feria eguneko goizaldeko 5:00etan herriko taberna batean kalez jantzitako bi guardia zibilen, beren bikoteen eta altsasuar talde baten arteko liskarraren ondorioz, agenteetako batek txorkatila lesionatuta amaitu du alde batean, eta zazpi gazte espetxeratuta daude beste aldean, oraingoz. Astelehen goizean ondorengo pertsonak atxilotu zituzten: Iñaki Abad, Oihan Arranz, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Jokin Unamuno eta Aratz Urruzola. Asteazkenean Adur Ramirez ere espetxeratu dute. Hamar eta hamabost urte arteko kartzela zigorra eskatzen diete bakoitzari.

Kasua kokatzeko hainbat puntu laburtzen saiatuko naiz. Dokumental bat egiteko ematen du.

1- Zer gertatu zen?

Bertsioak kontrajarriak dira. Urriaren 15etik bertatik, Espainiako hedabide nagusiak guardia zibilen eta beren bikotekideen aurka 50 bat lagunen “erasoaz”, “enboskadaz” edo “lintxamentuaz” mintzatu dira. Altsasuarrek hurrengo eguneko prentsaurrekoan adierazi zuten ez zela lintxamendurik izan eta agenteek taberna batean probokatutako liskarra izan zela. Guardia zibiletako baten bikoteak gau horretan bertan zioen “erasotzaileak” sei lagun zirela, Nafarroako Foruzaingoari egindako testigantzan. Gau horretan ere, bi lagun atxilotu zituzten Altsasun eta Foruzaingoak kargatu ere egin zuen atxilotuen askatasuna eskatzeko koartelaren aurrean bildu ziren herritarren aurka.

Guardia zibilak Altsasun.

Albisteak hautsak harrotu zituen eta Espainiako presidente Mariano Rajoyk ere adierazpenak egin zituen guardia zibilei “babes osoa” eskaintzeko. “Ez da inpunitaterik izango”, esan zuen. Alderdi politikoen artean, Sortu izan da lehen unetik atxilotuak babestu dituen alderdi bakarra, eta Nafarroako Gobernuak lehen unetik erasoa gaitzesteaz gain, guardia zibilei babesa adierazteko urriaren 18ko kontzentraziora kide bat bidali zuen. Gerora, Nafarroako Podemosek ere atxiloketak gaitzetsi ditu, nahiz eta alderdiaren Madrilgo egituretatik kontrako norabidean hitz egin, Guardia Zibilaren bertsio ofiziala bere eginez.

Asteburu horretan manifestazioan 2.000 lagunetik gora bildu ziren “muntaia polizialik ez, utzi pakean Altsasu” lemapean. Espainiako hedabide nagusiek ordea, Covite ETAren biktimen elkartekolau lagunek Guardia Zibilaren aldeko mezuak nola zabaldu zituzten bilakatu zuten albiste. Manifestazioan Guardia Zibilaren patrol bat sartu zenean Garako kazetari Aitor Agirrezabalek ateratako argazki hau biral bilakatu zen.

 

2- Nolatan hamar eta hamabost urte arteko kartzela zigorrak?

Elur bola handitzen joan da eta “terrorismoa”-gatik epaituko dituzte. Nagusiki, Covite ETAren biktimen elkarteak, Auzitegi Nazionalak, hedabide espainiar nagusi gehienek eta alderdi unionistek defendatzen dute “terrorismo” delitua egoztea gazte hauei. Guardia Zibilak berak hasiera batean bere txostenean jaso zuen ez zuela “terrorismo ekintza” gisa ikusten, izatekotan “gorroto delitua”. Nafarroako Foruzaingoak ere zioen ez zela ekintza terrorista izan. Guardia Zibila ondorenterrorismoa egoztea defendatzera igaro da. Azkenik, Iruñeko Auzitegian ikertu beharrean, Auzitegi Nazionalaren eskuetan utzi dute, tesi horren gainean iker dezan.

Altsasuko bertsio ofiziala zalantzan jarri zutenak identifikatzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionalak. Egin klik irudian handiago ikusteko.

3- Zer agindu du Auzitegi Nazionalak?

Altsasuko bertsio ofiziala zalantzan jarri zuten herritarrakjopuntuan jarri zituen Auzitegi Nazionalak. Gauean bertan izandako bi atxiloketak salatu eta hedabideak zabaltzen ari ziren bertsio ofizialaren aurrean beren iritzia eman zuten herritarrak identifikatzeko eskatu zuen epaileak, baita Altsasuko gaztetxearen Twitter kontua kudeatzen zutenak ere.

Orotara hamabi gazte ikertzeko eskatu zion Poliziari.

4- Nola dago giroa?

7.600 biztanleko Altsasu herria kriminalizatzen ari direla sentitu dute altsasuar askok.

Atxiloketak atsekabe eta haserre handia eragiten ari dira Altsasun eta Euskal Herriko sektore zabal batean. Ezker abertzaleko kideetatik hasita, Nafarroako Ahal Dugu eta EAJren ingurko ordezkari ugari mintzatu dira atxiloketekin haserre. Inkluso Alderdi Sozialistaren inguruko hainbat kidek aurkakotasuna adierazi dute (herriko zinegotziek barne) nahiz eta alderdiak hasieratik hobetsi duen bertsio ofiziala. Bi adibide jartzearren, hona Patxi Lopezen gobernuan sailburu izan zen Blanca Urgelen iritzia:

eta hemen Gorka Landaburu kazetariarena:

Borroka izan zen tabernaren kanpoaldean falangearen mehatxu pintaketak agertu zirenmanifestazioaren osteko astelehen goizean, azaroak 7. Egun berean, kalez jantzitako poliziak zebiltzala salatu zuten. Azaroaren 8an “presio-egoera jasanezina eta latza” salatu zuten, herritar batzuek kalez jantzitako poliziekin talka izan ostean.

5- Posible al da terrorismo delitua egoztea erakunde terroristarik gabe?

PPk eta PSOEk 2015ean onartutako Zigor Kodearen erreforma dago oinarrian. Honela jaso genuenYihadismoz mozorrotu digute terrorismoaren definizio berria artikuluan, erreforma onartu zutenean.

“Mendebaldeko kultura deitzen dioten horretako Zigor Koderik gogorrena izango du Espainiako estatuak”. Titular gordina atera diote Rebelion gunean Endika Zulueta abokatu madrildarrarekin egindako elkarrizketari. Bizi osorako kartzela zigorra paperean legeztatu dute. Zer izango da hurrena, heriotza zigorra?

Espainiako Zigor Kodearen erreformak “desordena publikoak” edo “zenbait jabegoren aurkako” protestak delitu terrorista gisa finkatu ditu. “Botere publikoak ekintza bat egitera behartu nahi badira edo aurrera eraman nahi zuten ekintza bat aurrera eraman ezinean geratzen badira” berdin. Terrorista. Edo errazago oraindik: “Bake publikoa larriki alteratuz gero”: Terrorista.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak Altsasuko borroka definizio honetan sartu du. Hala ere, penalista askok ezetz uste du. El País egunkarian hainbaten iritziak jaso dituzte eta adibide bat jartzearren, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Penalean katedratikoa den Joan Queralek dio “beste modu batera epaitu behar” litzatekeela. “Zigor Kodearen 573 artikulu hau zuhurtziaz aplikatu behar da, zentzu komunarekin gizarte demokratiko batean”.

Carmen Lamela epaileak (ezkerrean) terrorismoagatik epaitu behar dela defendatu du hasieratik.

6- Atxiloketak astelehen goizaldean. Zer dio epaileak?

Poliziari zenbait gazte ikertzeko eskatu zioten eta horietako batzuk Iruñeko Auzitegian aurkeztu ziren beren kabuz, baina han ez zituzten hartu. Astelehen goizean zortzi gazte atxilotu zituzten, asko eskolara edo lanera bidean zirela. Madrilera eraman zituzten eta astelehen gauerako, sei prebentiboki espetxeratzeko agindu zuen Carmen Lamela epaileak “ihes egiteko arrisku nabarmena” aipatuz. Herrian “beldur giroa sortzea” egozten die. Asteazken arratsaldean zazpigarren bat atxilotu zuten: Adur Ramirez, beste bat libre utzi zuten bitartean.

Eskandalu berezia eragin du Iñaki Abad giltzapean sartzeko arrazoiak: tabernan guardia zibilei eta hauen bikoteei “begirada despektibo eta zuzenak egin izana”. Orain arte Espainiako Estatuan inor sekula ez dela horrelako arrazoi batengatik espetxeratua izan nabarmendu dute batzuek.

7- Alde Hemendiken geziak ETAren logoa?

Atxiloketak justifikatzeko darabilen beste argudioetako bat ondorengoa da: Prentsaurrekoan “Alde hemendik!” zioten pankartetan “ETAren ohiko logoa, bi puntako gezi okertsua” erabili zutela. Bi puntako gezia Alde Hemendik kanpainako logoetako bat da, ETAz harago, Euskal Herrian aldarrikapen hori egin nahi izan duen edozein kolektibok erabili du.

“Alde Hemendik” aldarriaren logotipoa den gezi hau aipatzen du epaileak. Irudian Indar Gorri futbol zaleen kartel batean.

Iñaki Egañak mahai gainean jarri duenez, Euskadiko Ezkerra koalizioa osatu zuen EIA izan zen “Que Se Vayan” leloa lehen aldiz erabili zuena.

8- Zer dio atxilotuen abokatuak? Eta Nafarroako agintariek?

Amaia Izko abokatuak hitz hauekin definitu du gertatzen ari dena:

“Auzitegi Nazionalean dena ikusia nuela uste nuen, baina astakeria juridiko hau ikusteko neukan. Epaiketak ez du inongo funtsik”.

Nafarroako Gobernuko Barne Sailburu María José Beaumontek atxiloketen aurka hitz egin du. “Ez zen beharrezkoa atxiloketa hauek egitea, eta are gutxiago goizaldean”. Gobernuko presidente Uxue Barkosek atxiloketak ez zirela beharrezkoak berretsi du. Nafarroako Ahal Dugu-ren iritziz, “larria” da gertakariak “terrorismotzat” jotzea eta EH Bilduk espetxeratuak askatzeko eskatu du. UPNko heledun Javier Esparzak Guardia Zibilaren lana goretsi eta “eraso koldarra” gaitzetsi du.

9- Zein gazte atxilotu dituzte?

Oraingoz atxilotutako bederatzi lagunak mugimendu sozialekin konprometitutako gazte aktiboak dira. Ez dira talde antolatu biolento bateko kideak, Auzitegi Nazionalak halakorik iradokitzen duen arren. Garak Altsasuko iturriak aipatuz mahai gainean jarri duenez, talde heterogeneoa osatzen dute, eta komunean dute gaztetxean sarri ibili ohi direla eta herri mugimenduetako ekimenak antolatzen edo parte hartzen ibiltzen direla, hala nola herriko jaietan kaleak animatzen.

Kontrolen aurkako murala Altsasun. (Argazkia: @momotxorroak)

10- Sakanan 20.000 biztanle eta polizia kontzentrazio handia

Euskal Herria da EuropakoBatasunean polizia dentsitate handiena duen lurraldea, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Espainiako eta Frantziako Barne Ministerioek eta Europako Eurostat Ikerketa Zentroak emandako datuen arabera. 1.000 biztanleko sei poliziatik gora daude Euskal Herrian, Europar Batasunak gomendatzen duen 1.000tik bi agentetik urrun. Ez da ahaztu behar, 1980ko hamarkadatik soldaduska desagertu zen arte, Nafarroa “munduko hiriburu” izan zela soldaduskarekiko, armadarekiko eta militarismoarekiko intsumisioan, Sabino Cuadrak gogoratzen duenez.

Hego Euskal Herrian 40 bat etxe-koartel ditu Guardia Zibilak, Wikipedian irakur daitekeenezSakanan hiru koartel daude: Foruzaingoarena bat eta Guardia Zibilarenak bi –horietako bat Altsasun–. Herriko sarreretan 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan 450 kontrol egiten dituztela kontabilizatu eta askotan gehiegikeriak gertatu izan direla salatu dute behin baino gehiagotan herritarrek. Joxe Aldasorok Berrian idatzitako Ospa! artikuluan askoren berri ematen du.

Guardia zibil bat Etxarri-Aranazko sarreran posatzen.

Gasteizko Gobernuak Euskal Kriminologia Institutuari eskatutako txosten batean, 1960 eta 2013 urteen artean torturak eta tratu txarrak pairatutako 4.000 herritarren testigantzak jaso dituzte. Horietatik 3.577 Euskal Herriko Unibertsitatearen Etika Batzordeak homologatu ditu. Testigantza horietan torturatzaileen rankingeko lehen postuan Guardia Zibila dago. Egunotan Guardia Zibilak egindako giza eskubideen urraketak gogorarazi ditu sarean askok.

Kontestu berean, azaroaren 8an, Nafarroako Parlamentuan hainbat biktimak hartu zuten hitza. Tartean Oihan Unai Ataunek bere esperientzia kontatu zuen. Guardia zibilak torturatu zuela eta ez zutela ikertu adierazi zuen. Azkenean, Estrasburgok Espainiako Estatua zigortu zuen.

11- Guardia Zibilaren gehiegizko presioa salatu du Altsasuko Udalak

Udalak ere asteotan Guardia Zibilak herrian eragiten duen “gehiegizko presioa” salatu du.

EAJko Unai Hualderen hitzok asko adierazten dute: “Feria asteburuan Altsasu Guardia Zibilak ‘hartu’ zuen Gazako zerrenda balitz bezala”.

Gaia pil-pilean dela, azaroaren 17an, Leitza Espainiako Armadako 40 kidek hartu dutela salatu dute herritarrek.

Espainiako Armada Leitzako kaleetan barrena.

12- Ospa mugimenduaren bila

Carmen Lamelak hasieratik baliatu du tabernako gertaera Ospa mugimenduko kideak atxilotzeko. Espainiako indar polizialek Euskal Herria utz dezatela eskatzeko ekimenak Euskal Herriko hainbat herritan ere egiten dira Alde HemendikFan Hemendik eta antzeko izenekin. Oñatin azken urteetan egin diren ekimenek sona handia lortu dute, adibidez, kuartela inguratuz 2015ean egindako giza kate jendetsuak.

 

Sakanan baina, aldarrikapen honen aldeko borrokan nabarmendu egin izan dira Borroka Garaia Da gunean idatzitako artikulu honetan gogoratu dutenez. 2001ean, adibidez, Sakanako 15 herritan herri kontsulta antolatu zuten “Guardia Zibilaren presentziaren egokitasunaz”, nahiz eta azkenean Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak bertan behera utzi eta ez zuten egin.

Norabide horretan, “Ospa Eguna” izan da azken bost urteetan aldarrikapena zabaltzeko egun nagusia. Jai giroan egun osoko festa antolatzen dute herrian. Azken urteetan polemika eta tentsioa izan da, batetik, 2014an herriko plazan ehunka lagunek guardia zibilen sinbolo den trikornioerraldoia erre zutelako. Hurrengo urtean, 2015ean herriko plazan sartu eta Guardia Zibilari eta Espainiako militarrei erreferentzia egiten zien hainbat karroza kendu zizkien Guardia Zibilak bortxaz.

Azken atxiloketen harira, Ospa mugimenduaren aurkako artikulu ugari idatzi dituzte Espainiako hedabideetan, hau kasu.

13- Ahotsa.info-ri erasoa

El Mundok azalera eraman zuen Ahotsari buruzko albistea.

UPNren adierazpen baten hariari tiraka, El Mundo eta Antena3 hedabideek Ahotsa.info herri hedabidearen aurkako informazioak zabaldu dituzte. Hemen El Mundoko artikuluari hamar zehaztapen beste horrenbeste txiotan. Ahotsa Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegian Mozal Legea salatu duen lehen hedabidea da, besteak beste. Altsasuko gertaerak izan zirenetik, bertsio ofiziala zalantzan jartzen duten informazioak argitaratu izan ditu.

“Nafarroako Gobernuak Guardia Zibilaren aurkako webgune bat diruz laguntzen du”, idatzi zuen Fernando Lazaro kazetariak El Mundoko azalean. Ahotsako kazetari Miguel Angel Llamasek “Ahotsa.info itxi nahi dute, alarma gorria piztu beharrean gaude” adierazi du Info7 irratian eta ostegunerako batzarrera deitu dituhedabidearen defentsa prestatzen lagundu nahi duten norbanako eta eragileak. Sarean#GureAhotsa traola Espainiako Estatu mailan Trendig Topic izatera heldu da, bestelako informazioa sarean jende askori zabalduz.

14- Elkartasun mobilizazioak Euskal Herrian

Altsasuarrekin elkartasunez eta atxilotuak askatzeko eskatuz manifestazioak eta kontzentrazio ugari egiten ari dira egunotan Euskal Herrian. Ezker abertzaleak, desmilitarizazioa eskatu behar dela aldarrikatu du eta herrietan Altsasuko atxilotuekin kontzentrazioak egiten ari diren bezala, Guardia Zibilaren aurkako pintaketak egin dituzte. EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak adierazi dudesmilitarizazioaren inguruko eztabaida politikoa kriminalizatzeko nahia ikusten dutela auzibidean.

Sortuk manifestazioa deitu du Bilbon azaroaren 19 ostirala 19:30ean Arriagatik Salvera “Utzi Altsasu bakean” lelopean.

Udaletxeak, atxilotuen senideek eta herritar batzuek azaroaren 26rako herriaren izena eramango duen mobilizazioa deitu dute Altsasun. Udalak adierazpen bat onartu du Geroa Bai, EH Bildu, Goazen Altsasu eta PSNko zinegotzien babesarekin, azken hauek titulu pertsonalean. UPNko zinegotzia izan da aurka bozkatu duen bakarra.

Altsasuko sarreretako batean jarri duten pankarta. (Argazkia: @momotxorroak)

15- Herria saminean batuta

Nola amaituko da guzti hau? Zigor Kode berriaren muga lausoetan noraino joan daitezkeen ikusteko Euskal Herriko kasu bat erabiliko dutela dirudi. Garai gogorrak Altsasun. Alberto Barandiaran kazetariaren txio batekin amaituko dugu kontaketa.

http://www.argia.eus/blogak/lander-arbelaitz/2016/11/16/altsasuko-eskandalua-15-puntutan/

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fC4X