lahaine.org
Euskal Herria :: 27/09/2013

Gudari Eguna 2013: Memoria Historikoa

Ernai
Atzo bezala gaur ere, behingoz aske bizi ahalko garen herri bat eraikitzeko borroka da geurea.

Historia gertakari isolatuen pilaketa huts modura ulertuko bagenu, memoria historikoa gertatu denaren kontaketa soil batera mugatuko litzake, hau da, ZER gertatu den galderari erantzuteko ariketa sinple batetara. Jakin badakigu, ordea, errealitatea ez dela inoiz ezerezetik sortzen eta, beraz, ez dagoela gertakari isolaturik baizik eta gauza guztiak aurrekari multzo baten ondorio direla beti. Ikuspegi honetatik garaturiko memoria historikoak, iragan gertaerak jakinarazi baino gehiago berauek nolatan eta nola jazo diren argitu beharko luke, hau da, ZER gertatu den kontatzeaz gain ZERGATIK gertatu diren azaldu beharko luke. Zentzu honetan memoria egitea, atzera begiratzea baino gehiago errealitatearen erraietara sartzea litzake, barneratze honen bidez errealitatea bere sakonean ulertu eta azaleratzea lortzen delarik.

Jardun iraultzaile bat pentsatu eta diseinatzean, nolabait esatearren, orainaldia eta etorkizunaren arteko lotura moduko bat marrazten da. Historiak, iragana eta orainaren arteko loturaren berri ematen digu, hau da, gaurko errealitatea nola eratu den azaltzen digu. Etorkizuna eraikitzeko orainaldia ezin hobeki ulertzea funtsezkoa denez, historia ezagutzea ezinbesteko bilakatzen da askapen borrokaren baitan.

Honez gain, memoria historikoak iragan esperientziaz eskarmentatu eta borroka irakaspen garrantzitsuak ateratzeko balio du. Batetik, akatsetatik ikasteko eta bestetik etorkizun joerak aurreikusteko. Lehenengoari dagokionean, autokritikari esker iragan porrot eta garaipen bakoitza, hanka sartze eta asmatze txikiena ere eskarmentu baliagarri bilakatzen da etorkizunera begira. Are gehiago, akats historikoek eragindako ondorioez kontu egiteak, gure jardunean halakoak ekidin beharraren ardura biziagotu beharko luke, praktika iraultzaile orok erantsirik daroan errespontsabilitate historikoaren kontzientzia hartuz. Bigarrengoari dagokionez, subjektu politiko desberdinek historian zehar egin izandakoak ezagutzea, etorkizunean ere egoera posible desberdinen aurrean hartu ditzaketen jarrerak aurreikusten saiatzeko jakintza baliagarria da.

Azken batean memoria historikoak gertaeren-kronologia huts batean jasoko ez litzatekeen informazioa eransten dio iraganaren kontaketari, eta hau jakintza iraultzaile preziatu bat da ezbairik gabe. Jakintza preziatua da, hain zuzen ere, errealitateko gertaerak sortarazi dituzten kausak detektatuz errealitatea eraldatzeko gako nagusiak ageri-agerian jartzen dituelako, eta honi esker, atzoko eta gaurko pasarte ilunenak etorkizunean errepika ez daitezen borrokatzeko aukera ematen digulako. Zentzu honetan, memoria bera, askapenerako arma indartsu batean bilakatzen dela esan daiteke, paradoxikoki, etorkizunez kargaturiko arma iraultzaile batean, hain zuzen.

Halaber, memoria historikoaren potentzialtasun iraultzailea ez da jakintza eta irakaspenetara mugatzen. Iragana presente mantentzearen praktikaz, memoria bera indar aktibatzaile baliotsu bihur daiteke askapen bidean. Sarri gertatu ohi da unean uneko beldur eta ezintasunak tarteko, ez dela asmatzen gertaera guztiei behar moduan erantzuten. Halaber, pasatakoaren memoria bizirik mantentzeak, epe luzeago batean borroka suharrak berpizteko adinako indarra biltzen du bere baitan. Halaxe gertatu da, esaterako, frankismo garaian eraildakoen oroitzarekin. Hortik, bada, iraganaren memori erreal bat osatu eta nola-ahala bizirik mantentzearen beharra.

Honez gain, egin kontu memoria ezabatzea, iraganik gabe geratzea dela, orainari esplikabide bat ematea eragotzi eta etorkizun nahiak finkatzeko erreferentziarik gabe geratzea, alegia. Iraganaren memoria, geure oraina eta geroaren erroak dira, eta halakorik ezean, zentzurik gabe, identitate sendo bat eraikitzeko euskarririk gabe geratzen gara.

Garrantzitsua da, beraz, askapen borrokaren baitan memoria historikoa egokiro garatu eta zaintzeak duen premiaz jabetzea. Are eta gehiago iraganaren oroitza faltsu bat inposatu edota amnesia kolektibo orokor bat ezartzeko saiakera gogorrak etengabeak direnean.

Euskal Herriaren arazo historikoak gaindituz agertoki berri eta oparorik zabaltzekotan funtsezkoa izango da gure memoria historikoa bizi-bizirik eta oso presente izatea. Herri honen historia, Euskal Herritarron askatasun nahi eta beharren testigantzez josirik baitago, injustizia nahiz sufrimendu larrien adibideez, sakrifiziorako gaitasun eta borrokarako prestutasun eredugarriez, traizio zikin eta duintasunaren etsenplu argiez josirik, alegia.

Atzo bezala gaur ere, behingoz aske bizi ahalko garen herri bat eraikitzeko borroka da geurea. Ate berriak zabaltzen gabiltzan honetan, ezinbestekoa da aurrera egitea, aurrera ordea aurrez bizitakoa atzean utzi gabe, jasotakoa indar ufada bilakatuz. Orain arteko sakrifizio eta sufrimendu guztia alferrik galtzen ez uzteko ardura osoa daukagu gure gain, gaur arteko borrokaz sorturiko aukerarik txikiena ere lehertzen saiatzeko ardura. Ekite horretan berebiziko esangura izango du iragana oroitu, ulertu eta kontatzeko moduak. Zuhaitz baten sendotasuna adarrei begira baino sustraiei erreparatuz soilik antzeman daitekeelako, gu sortu ginen enbor beretik zuhaitz-adaxka gazte berriak sortzen jarraitzeko, geure sustraiak gezurraren eta ahanzturaren pozoietan ustel ez daitezen zaintzeaz arduratu beharko dugu.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal