lahaine.org
Euskal Herria, Nafarroa :: 31/05/2017

#Altsasu Elkartasuna eta babesa komunikabideen profesionalen aldetik

Ahotsa

Gaur, Altsasuko gazteen gurasoek deituta, kontzentrazio bat egin da Iruñean. Bertan, protagonismo haundia hartu dute komunikabideen profesionalek. Hauek, euren babesa eta elkartasuna erakutsi diete Altsasuko gazteei eta bere senidei. Komunikabideek auzi honetan izan duten jarreraz galdetu diegu.

Baina kontzentrazio hau ez da izan gaur ezagutu den elkartasun keinu bakarra. 
Euskal Herri osoko hirurogeita hamar alkatek baino gehiagok, tartean Joseba Asiron (Iruñea), Juan Mari Aburto (Bilbo), Eneko Goia (Donostia) eta Gorka Urtaran (Gasteiz), bat egin dute Altsasuko auziaren eskumena Nafarroako Auzitegiak har dezala eskatzen duten ekimenekin, eta kasua, beraz, Nafarroan erabaki dadila eskatu dute, eta ez Madrileko Audientzia Nazionalean.

Udal ordezkari gorenek, horrela, sostengua adierazi diote auzipetutako hamaika gazteen gurasoek eta legelari eta erakunde ugarik egin duten eskaerari: Ferietako liskarra ez dadila terrorismotzat har, eta, beraz, Madrileko kartzeletan preso dauden hiru gazteak libre utz ditzatela.

Sinatzaileen artean daude, lau hiriburuetako alkateez gain, Arabako beste 3 herrietako alkateak daude, Bizkaiko beste 9, Gipuzkoako 21 eta Nafarroako beste 46 alkate.

Beste hainbat udalerritan, Hernanin, Legazpin edo Ikaztegietan esaterako, mozio bat onartu zen aldarrikapen berdinarekin.

Sinatzaileek bat egin dute, era berean, Nafarroako Parlamentuak eta Altsasuko Udalak egindako eskaerekin. Adierazpen instituzional banatan, bi erakundeek euren desadostasuna adierazi zuten gazteen kartzelatzearekin, proportzionaltasuna aldarrikatu zuten, eta auzia Nafarroara ekartzeko exijitu zuten. 

Alkateen arteko sinadura bilketa Javier Ollo Altsasuko alkateak, Sonia Ontoria abokatuak eta Iñaki Lasagabaster EHUko zuzenbideko katedradunak bultzatu dute, eta hurrengo asteetan atxikimendu gehiago biltzea espero dute.

Gogoratu behar da, hasieran batean, Nafarroako Auzitegi Probintzialak abiatu zuela urriaren 15eko Altsasuko ferietako gertaeren gaineko instrukzioa. Baina Auzitegi Nazionalak gertaerak terrorismo delitutzat jo eta instrukzioa bere gain hartu segituan. Azaroaren 14an bederatzi gazte atxilotu zituzten, nahiz aurretik epaitegietan beren borondatez aurkeztu eta horretarako prestasuna azaldu, eta horietarik zazpi espetxera bidali zituzten. Gaur egun, haietarik hiru espetxean daude: sei hilabete daramate preso etxetik 400 kilometrora, eskubideak mugatzen dizkien FIES erregimen berezi pean. Auzitegi Nazionaleko epaileak ez dio defentsari utzi instrukzio fasean frogak eta lekukoak aurkezten. Bitartean, Nafarroako Auzitegi Probintzialak, martxoaren 23ko autoan, ustezko terrorismo delituko zantzurik ez dagoela esan du, eta gertaerak epaitegi arruntean aztertu behar direla erabaki du. Une honetan eskuduntza arazo hau Epaitegi Gorenak ebatzi beharko du, instrukzioa zein epaitegiri dagokion erabakiz.

http://ahotsa.info/edukia/altsasu-elkartasuna-eta-babesa-komunikabideen-profesionalen-aldetik-1

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal