lahaine.org
Euskal Herria :: 26/11/2015

«Amnistiak izan behar du giltza espetxeak berriro ez betetzeko»

Berria

 

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimendua «arlo horretan dagoen hutsunea» betetzera datorrela diote mugimenduko kideek; aldarri horren aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean, Bilbon. Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2015-11-25 / Gotzon Hermosilla


0 0 7
«Betidanik ezker abertzalean aritu diren militante» gisa aurkezten dute euren burua Sendoa Juradok eta Ziortza Fernandez Larrazabalek. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduaren izenean mintzo dira orain. Duela urte eta erdi egin zuten lehenengo agerraldi publikoa, haien artean egoera politikoaz eztabaidatzen sei hilabete lehenago hasi baziren ere, eta datorren larunbatean manifestazioa egingo dute Bilbon, 18:00etan hasi eta Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. Helburua, diotenez, amnistiaren aldarriak «bere horretan» irauten duela erakustea da.

Zergatik eta zein helbururekin sortu zen AAM?

ZIORTZA FERNANDEZ LARRAZABAL: Betiko aldarrikapenari eusten diogu. Pentsatzen dugu badagoela hutsune bat amnistiaren aldeko borrokan. Askatasuna desegin zen zenbait helburu lortu zirela uste zelako, eta beste mugimendu batzuk jarri zituzten abian —Herrira, esaterako—, baina haren kontrako polizia operazioaren ondoren bertan behera gelditu zen haren jarduera. Guk hutsune eta behar bat ikusten dugu, gero eta handiagoa, eta horregatik jarri zen abian mugimendua.

Eta zein da larunbateko manifestazioaren xedea?

Z.F.L.: Amnistiaren aldarria berriro ere kalean egotea, politikarien agendan egotea, eta [Frantziako eta Espainiako] estatuei ikusaraztea aldarriak bizirik dirauela. Nazio manifestazioa beste pauso baten moduan ikusten dugu indar metaketa horretan. Guretzat ez da helburua, indarrak batzen jarraitzeko bidea baizik.

Egungo egoera politikoan, gauzatzeko moduko aukera da amnistiarena?

SENDOA JURADO: Aukera zaila da, baina beste batzuk bezain zaila; batzuek ez dute arazorik independentzia aldarrikatzeko, eta independentzia lortzea oso zaila da gaur egun. Amnistia lortzeko, egin behar duguna ez da ezkutatzea, baizik eta azaltzea eta Euskal Herria adingabea balitz bezala ez tratatzea.
Jendeari azaldu egin behar zaio aurrean bi estatu guztiz antidemokratiko ditugula, gerra zikina, tortura, legez kanporatzea, hedabideen ixtea eta beste erabili dituztenak, horren ondorioz herri baten zati garrantzitsu bat altxatu egin dela, eta beharrezkoa dela jende hori kalean egotea gatazka benetan ixteko.

Zer iruditzen zaizkizue EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egindako urratsak legeak eskain ditzakeen zirrikituak baliatzeko?

Z.F.L.: Hasteko, errespetu osoz hartzen ditugu, eurak daudelako barruan. Hala ere, uste dugu irtenbideak kolektiboa izan behar duela. Barruan daudenek inolako baldintzarik gabe atera beharko lukete, baina hurrengo belaunaldiak egoera bera pairatu behar izan gabe. Amnistiak izan behar du giltza espetxeak berriro ez betetzeko.

S.J.: Kolektiboak ez dio inoiz uko egin amnistiari. Haren agiri guztietan, amaieran beti agertzen da amnistia hitza.

Presoak hurbiltzearen, gaixo larri dauden presoak kaleratzearen eta antzeko neurrien aldekoak al zarete?

S.J.: Bai, eta horrelako ekinbideak sustatu eta antolatu ditugu. Presoen ongizatearen alde doan edozein borrokaren aldekoak gara, baldin eta horrek balio ez badu azken helburutik desbideratzeko, amnistiaren helburutik, alegia.

«Dauden indarrak bildu egin behar dira, sakabanatu ordez. Batasuna behar dugu, presoen alde lan eta borroka egiteko prest daudenen artean ere. Indar guztiak ere eskas izango ditugu eta». EPPK-ko bozeramaileen hitzak dira, Argia aldizkariari emandako elkarrizketan.

S.J.: Elkarrizketa argitaratu zenean, poztu gintuen ikusteak presoen alde borrokan ari direnen multzoan kokatzen gintuztela kolektiboaren bozeramaileek. Guk ere batasunaren aldeko deia egiten dugu; hain zuzen, amnistiaren ideiaren inguruan batzeko deia, eta hasieratik egin dugu. Baina batasuna ezin da aitzakia moduan erabili beste xede batzuetarako. Batzuek, eta ez naiz EPPK-ko eledunez ari, batasuna erabiltzen dute lan molde jakin batzuk inposatzeko. Batasunaz gehien hitz egiten duten horiek egin dute gehien une jakin batean batasunaren kontra: soka batetik tiraka ibili dira, atzera begiratu gabe sokaren beste muturrean zeudenak oinez eta eroso zetozen edo arrastaka. Mugimendu iraultzaile guztietan, norbaitek hasierako helburuei uko egin dienean gertatu da banaketa. Ez dugu esaten helburu horiek bazter utzi direnik, baina helburu horien aldeko lana bai.

Z.F.L.: Historiak erakusten du beti egon direla presoen aldeko borrokak, eta borroka horiek desberdinak eta beharrezkoak baina uztargarriak ere izan direla. 90eko hamarkadan, presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko plataforma ezagutu genuen, eta amnistiaren aldeko mugimenduak bere aldarriak mantentzen zituen. Ez dakit zergatik orain bateraezina izan behar duen sakabanaketa amaitzeko eskatzea eta amnistia aldarrikatzea. Guretzat, bi-biak beharrezkoak eta bateragarriak dira.

Dena dela, jakitun zaudete zenbait hedabidetan zuen taldeari buruzko informazioak beti agertzen direla ezker abertzalearen barneko tirabira, desadostasun eta antzeko kontuei loturik.

S.J.: Argi dago etsaiak zatiketak erabili nahi dituela bere mesederako, baina, era berean, pentsatzen dugu hau guztia askoz hobeto kudea zitekeela. Gu sortu ginenean, batzuk hasi ziren esaten ez ginela existitzen, bazekiten arren gu existitzen ginela, haiengana joan ginen-eta gure asmoen berri ematera. Guk beti esan dugu ertzak leuntzeko prest gaudela, baina, horretarako, onartu behar gaituzte mugimendu moduan, eta parez pare, ez menpeko moduan, gu inoren menpeko ez den mugimendu independentea garelako.

Z.F.L.: Argi dago zenbait hedabide estatuaren zerbitzuan daudela eta zatiketaren irudia ematea dela axola zaien bakarra; hala izan da beti, eta ez gaitu harritu behar. Baina egia da, bestalde, Sortuko zenbait arduraduni entzun diegula esanez gu ez garela ezker abertzaleko militanteak. Euskal Herriak beti izan du aberastasun hori; alegia, inori baimenik eskatu barik bere burua antolatzeko gaitasuna izan du. Guk herri mugimendu bat aktibatzea lortu dugu, Euskal Herri mailakoa, orain herrialde guztietan gaudelako, horizontala eta demokratikoa, eta ez dugu ulertzen horri zein arrisku ikusten zaion.
Alderantziz, aberasgarria dela uste dut, hamarkadetan luzatu den arazo bati konponbidea bilatzen saiatzen ari garelako.

http://www.berria.eus/paperekoa/1761/004/001/2015-11-25/amnistiak_izan_behar_du_giltza_espetxeak_berriro_ez_betetzeko.htm

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal