lahaine.org
Euskal Herria :: 08/04/2017

Auzolanak egingo dituzte zapatuan Larrabasterran, Plaza Beltzaren lokal berrian

Plaza Beltza

 

Plaza Beltza kultur guneak auzolanak deitu ditu zapatu honetarako, Larrabasterran zabaldu duen gune berria atontzeko. Lanak goizeko 09:00etan hasiko dira, Loiola Ander Deuna 40. zenbakiko lokalean. Laguntzeko prest daudenek aurretik abisatu beharko dute, plazabeltza@gmail.com posta elektronikora mezua igorriz. Kolektiboak pasa den barikuan egin zuen herri-batzarra egitasmo berriaren berri emateko. Jakinarazi dutenez, "kontrakultura sustatzeko" helburua izango du. "Galtzaileak, outsiderrak, errebeldeak… ondo etorriak" direla azaldu dute.

Loiola Ander Deunako lokalean aurreikusi dute berbaldiak, tailerrak, antzezlanak, kontzertuak, liburu-aurkezpenak, poesia-errezitalak, eta bestelako esperientzia berriak egitea. Dena den, izango da aukera proposamenak egiteko. Bestalde, oraindino ez dute jendaurrean lokala inauguratzeko datarik eman baina apirilean irekiko dutela ziurtatu dute.

Elkartearen 11 urteko bizitza

Plaza Beltzako kideek oroitarazi dutenez, "2006ko udan, Sopelan Ganebarri gaztetxea hustu zuen poliziak eta bertan zebilen jendearentzat inflexio-puntu bortitza izan zen hura. Ez bakarrik husteak ekarri zuen herriko gune aske bakarraren galeragatik, edota han egitekoak ziren ekimen guztiak bertan behera utzi eta horren ondorioz planteamendua errotik aldatu beharragatik, baizik eta han ibili ginen hainbatek ibilbide politiko erradikala eta asanbleario, autogestionatu eta autonomoan gauzatzeko biderik eraginkorrenari buruz hausnartzen hasi ginelako. Kide hauek, eta bidetik batu ziren beste batzuk osatu genuen Plaza Beltza. Horretarako, kolektibo berria osatzea erabaki genuen.
Gazte-asanblada, gaztetxe eta okupazio-mugimenduaren balioa eta zilegitasuna zalantzatan ipini barik lokala alokatzearen bidea hartu genuen".

Hala, 2006ko abenduaren 23an, bere burua aurkeztu zuen Plaza Beltza kultur elkarteak, bigarren eskuko liburu-azokatxo bat antolatuz. Orduan aldarrikatu zutenez, "kultura plazaratzeko jaio den taldea da, ideiak zabaltzeko”. Aurkezpen horretan bertan jakinarazi zuten "hori aurrera eramateko lokal bat irekitzea" zela elkartearen asmoa, herri liburutegi bat sortzeko, “irakurzaletasuna bultzatzea” baitzen Plaza Beltzaren kezketako bat. Bertan, izango ziren gai politiko eta sozialen gainean idatzitako liburuak, bideo-artxibategi bat, kolektiboen bideoak, zine soziala, historikoa eta abarrak. Horretaz aparte, hasierako proiektu hartan leku nabarmena izango zuten aldizkari, fanzine, musika, txosten, eta bestelako materialek.

2006an, agindu zuten lan egingo zutela "erabateko pentsamolde zabaltzen duten hedabideen lana indargabetzeko eta gizarte mugimenduen borroka desberdinak bultzatzeko”.
Izan ere, "elkartea osatzen dugunok gizarte eredu parte-hartzaile baten alde egiten dugu apustu, horregatik dago herriari guztiz irekia".

Akilino Arriolako herri-liburutegia

Hala, 2009ko azaroaren 6an, Plaza Beltza kultur elkarteak Plaza Beltza herri-liburutegi politiko eta soziala zabaldu zuen Larrabasterrako Akilino Arriola kaleko 59. zenbakiko lonjan. "Bertan, gure inguruan eta, zelan ez, gure baitan ere, ikusten genituen gabeziei aurre egiteko eta alternatibak planteatzeko gune aske eta iraunkorra sortu" zuten.

Lau urte oparoren ostean, 2013ko maiatzaren 31n itxi zuten lokala, hala behartuta. Ordutik hona, zenbait aukera posible aztertu dituzte baina orain dela gutxira arte ez dute lokal bideragarri eta egokia topatu proiektu berrirako. Izan ere, antzinako planteamenduari "uko egin barik, gaur egun bultzada berri bat eman nahiko genioke proiektu berri bati". Plaza Beltzak zabaldutakoaren arabera, "oraingo honetan, adierazpen berriei aukera ematea gustatuko litzaiguke".



--
Plaza Beltza

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal