lahaine.org
Euskal Herria :: 16/07/2015

Ibai Aginaga eta Mikel San Sebastian gose greba mugagabean!!!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Euskal Herriari: Atzo, uztailak 13, Ibai Aginaga eta Mikel San Sebastian Berangoko eta Lesakako preso politikoek gose greba mugagabeari ekin zioten A Lamako (Pontevedra-Galiza) kartzelan, espetxe honetan Hodei Ijurko Iruindarrak bizi duen bakartze egoera salatzeko eta Hodei beste kideekin batera jar dezatela exijitzeko.

Gogora ekarri behar dugu Hodei Ijurko 2008ko martxoan atxilotu zuela Polizia Foralak kale borroka ekintza batean parte hartzea leporatuta eta atxiloketaren momentuan bertan polizek jipoi galanta eman ziotela. Hasiera batean 38 urteko espetxe zigorra eskatu zuen berarentzat Audientzia Nazionaleko fiskalak eta azkenean 10 urteko espetxe zigorra ezarri zion salbuespen epaitegi honek.
Hodeik preso daramatzan 7 urteetan egoerarik gogorrenak bizi izan ditu kartzelan, izan ere kartzelaren barruan hainbat eta hainbat kartzela eta errepresio mota baitaude. Hodei Ijurkorekin egiten ari direna tortura kronikoa da. 2008ko maiatzaren 3an, atxilotu eta bi hilabetera eta Iruñean izandako epaiketa batetik bueltan, Soto del Realeko “Sarrera” Moduluko kartzelariek Hodei jipoitu egin zuten lagunen bisitak eskatu ahal izateko zeramatzan paper batzuk kendu zizkiotelako protesta egiteagatik eta isolamendura eraman zuten. Abokatua bisitan joan zitzaionean ubelduraz beteta eta begia morea zuelarik aurkitu zuen.

Momentu horretan ezarri zioten Hodeiri preso prebentiboen lehenengo gradua (10 art.) eta lehen gradu horretan aplikatzen dieten lehenengo fasea (91.1 art.), kartzela barruan ezarri daitekeen bizi baldintzarik gogorrena: isolamenduko moduluan egotea, ziega barruan eguneko 21 ordu pasatzea, patiora gehienez beste preso batekin atera ahal izatea, ziegan eduki ditzakeen arropa eta beste gauza batzuen muturreko murrizketa… Eta egoera horretan babesgabetasunik handiena pairatu du, kartzelarien irain eta gehiegikerietatik arazo psikologikoak zituen patio kideak eragindako egoeretara. Errejimen horretan egon zen Teixeiroko eta Valdemoroko kartzeletan eta egoera horretan heldu zen A Lamako kartzelara.

Gaur egun Hodei ez dago lehenengo graduko lehenengo fasean, lehenengo graduko bigarren fasean baizik. Oraindik, preso politiko gehienei bezala, bizi baldintza murritzailea ezarrita mantentzen dioten arren, A Lamako kartzelan dauden gainontzeko presoek daukaten kartzela-errejimen berbera dauka. Hala ere, gainontzeko preso politikoengandik banatuta mantentzen dute pairatzen ari den zigorra are eta gehiago gogortzeko helburuarekin. Ibai eta Mikel gose greba hasi duten egunean Hodei isolamenduan dago kartzelak ezarritako parteak betetzen.


Egoera honen aurrean eta arestian esan bezala, Mikel San Sebastianek eta Ibai Aginagak borroka gogorrari ekin diote, gose greba mugagabeari hain zuzen ere. Euren osasuna arriskutan jartzen ari dira Hodei Ijurkorekin elkartasunean, bere kideekin elkartu dezaten. Gose greba baten ondorioz ikusmena eta entzumena galtzeko arriskua dago, organo batzuek kalte larriak jasan ditzakete eta protesta luzatuz gero bizitza bera arriskutan egon daiteke.

Ibaik eta Mikelek kartzela barruan gelditzen zaien bitarteko bakaneko batekin hasi dute borroka eta Hodei erresistentziaren eredu daukagu, pairatzen ari den zigorraren aurrean bere printzipioetan tinko mantenduz. Orain kaleari dagokio erantzuna ematea, ez baita bidezkoa gehien eman dutenek are eta gehiago eman behar izatea kalean gaudenok besoak gurutzatuta gelditzen garen bitartean.

Borroka garaia da. Adi mobilizazioetara!

Euskal Herrian, 2015eko uztailak 14.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal