Principal |
Euskal Herria :: 16/01/2021

'Diskriminazioa nabaritzen da begiradetan, iruzkinetan'

Uxue Rey Gorraiz
Ijitoen kontrako diskriminazioaren biktima izan da Amador: Lizarrako denda batek ukatu egin dio praktikak egiteko aukera, abizenak zein dituen ikusitakoan.

Ijitoen kontrako diskriminazioaren biktima izan da Amador: Lizarrako denda batek ukatu egin dio praktikak egiteko aukera, abizenak zein dituen ikusitakoan. Eraso arrazistatzat jo du hark.

Uxue Rey Gorraiz

“Abizenarengatik baztertu naute, ijitoa naizelako”. Irmoki salatu du Pascuala Amadorrek (Logroño, Espainia, 1977) Juguettos jostailu enpresarekin izandako gatazka. Formakuntza programa batean hartu zuen parte joan den udazkenean, eta enpresa horrek Lizarran duen dendan egin behar zituen ikastaro bukaerako praktikak. Ordea, hastekotan zenean, enpresako arduradunak ukatu egin zion bertan aritzeko aukera. Amadorrek azaldu duenez, “ijito izateagatik” baztertu dute, nahiz eta enpresak “bestelako argudio batzuekin” arrazoitu duen erabakia. Gertatutakoa salatu du Amadorrek, ijitoek batik bat lan merkatuan pairatzen duten diskriminazioa ikusarazteko asmoz.

Zer gertatu da, zehazki?

Nafarroako Gobernuak eta Lizarrako Udalak martxan jarritako ikastaro batean eman nuen izena; marketin eta merkataritzakoan. Lan asko egin dut orain arte, hogei urte eman ditut ostalaritzan, baina, gaur egun sektore horrek bizi duen egoera hain larria dela ikusirik, iruditu zitzaidan ikastaro hori baliagarria izan zitekeela aukerak zabaltzeko. Ederki egin nuen alde teorikoa, baina gero ailegatu ziren problemak, praktikak egiteko orduan. Lizarrako Juguettos dendan egiteko asmoa nuen, eta, hasieran, baiezkoa eman zidaten enpresakoek, baita ordutegiak bidali ere. Halako batean, aldiz, ezetz esan zidan arduradunak, hain justu nire izen-abizenak zein ziren ikusitakoan.

Nola arrazoitu dute erabakia?

Arduradunak esan zuen nire familiako kide batzuek lapurretak egin zituztela dendan, epaiketen esperoan daudela, eta hobe zela gauzak ez nahastea, ez zutela problemarik nahi. Hori azaldu zidan, eta ezin sinetsirik gelditu nintzen. Nik segituan esan nion koordinatzaileari hori ezinezkoa zela. Lehenik eta behin, lapurreta horiek inoiz benetan gertatu baziren, zergatik jo du ziurtzat egin dituztenak nire senitartekoak direla? Nik badakit ez dela horrela, eta, hala balitz ere, Justizia dago auzi horiek epaitzeko. Ezin naute epaitu eta zigortu nik neuk egin ez dudan zerbaitengatik. Abizenarengatik zigortu naute, edo, hobeki esanda, atzean duenarengatik; ijitoa izateagatik. Denek dakigu nire abizenak oso ohikoak direla ijitoen artean.

Horri aurre egiteko, hartu duzue neurririk?

Programako arduradunek mezu bat bidali zioten enpresari, eta adierazi zioten eten eginen zutela bien arteko lankidetza. Hemendik aurrera, formakuntzako ikasleek ez dute praktikarik eginen han.

Enpresak inoiz erakutsi du atzera egiteko asmorik?

Sekula ere ez. Behin eta berriz argudiatu dute nire familiako norbaitek dendan lapurtu duelako hartu zutela erabakia. Aitzakia bat da hori.

Zer moduz zaude orain?

Lur jota nago oraindik, baita nire familiakoak ere, bai alabak, bai senarra. Amorrua sentitzen dut, eta ezintasuna, eta baita lotsa ere; ez ijito izateaz, horretaz oso harro bainago, baina lotsa sentitzen dut ikusirik hain zuzen ere naizen honengatik ez nautela nahi. Hasieran, ez nuen nahi herriko jendeak gertatutakoaren berri izatea, lotsaren lotsaz. Gero, ordea, eta batik bat senarrari esker, ohartu naiz, izatekotan, enpresako arduradun horrek sentitu beharko lukeela gaizki; ez ni.

Orain jasan duzunaren aurretik, pairatu duzu antzeko beste ezer lan merkatuan?

Hain modu zuzenean, ez. Dena dela, sentitu dut bazterketa. Zorionez, izan da berean lan egiteko ateak zabaldu dizkidan jendea, eta aprobetxatu ditut eman zaizkidan aukerak; langilea naiz, eta horri esker lortu dut gaur egun dudan curriculuma.

Zuri gertatutakoak bistan utzi du ijitoen kontrako arrazakeria. Nola deskribatuko zenuke?

Beti sumatzen dugu, gauza askotan, baina, lanari dagokionez, iruditzen zait etengabe aritu behar dugula azalpen gehiago ematen. Gehiago eskatzen zaigu, erakutsi behar dugu ez garela haiek gure gainean eraiki duten iruditeriak dioena bezalakoak.

Hobetu da egoera azkenaldian?

Uste dugu egin dugula aurrera, baina ez da horrela. Nabaritzen da keinuetan, begiradetan, guri buruz egiten diren iruzkinetan… Niri, adibidez, langile ona naizela ikusita, esan izan didate: “Pascuala, zu ez zara ijitoa”. Nola ezetz? Noski, banaiz! Laudorio modura bota dizkidate horrelakoak, eta horrek agerian uzten du ijitoen kontrako arrazakeria.

Lizarrako Ker Kali elkarteko presidentea zara, eta, hain zuzen ere, ijitoen kontrako diskriminazioari aurre egitea duzue helburu nagusi. Zein dira egin beharreko urratsak?

Jendea sentsibilizatzea da gure asmo nagusia, aldaketak ekartzeko. Lortu behar dugu herritarrek ikustea nirearen moduko kasuak ez direla puntualak, egunero gertatzen direla. Gainera, kontzientziazioak agintariei eragin diezaion ere nahi dugu.

Zer eske egiten diezue instituzioei?

Hala behar dugunetan Justiziak gure alde egitea nahi dugu, legeak gu ere babes gaitzan. Horretarako ere, arazoa ikusaraztea da giltza. Azken batean, horixe bera gertatu da, urteetan, genero indarkeriarekin. Arazoaren aurrean, jendeak beste alde batera begiratzen zuen. Orain, zorionez, ikusten ari da emakumeak eta gizonak berdinak garela. Bada, gurekin berdin gertatzea behar dugu. Pertsonak gara, gainerakoen berdinak.

https://nafarroa.hitza.eus/2021/01/15/diskriminazioa-nabaritzen-da-begiradetan-iruzkinetan/

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fW30