Principal |
Nacionales E.Herria :: 11/05/2021

Bilboko Udaltzaingoak Arrakala espazioa hustu du

Amaia Lekunberri Ansola
Bilboko Udaltzaingoak gauzatu du hustea,agindu judizialarekin. Arrakala apirilaren 17an aurkeztu zen publikoki, AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldearen espazio liberatu gisa

Astearte goizaldeko 05:00etan, eta agindu judizialarekin, Bilboko Alde Zaharrean kokatutako Arrakala hustu du Bilboko Udaltzaingoak. AZETek jakinarazi duenez, udaltzainek Ertzaintzaren eta suhiltzaileen laguntzarekin esku hartu dute, eta bortizki bota dute behera atea, barruan zeuden pertsonak identifikatuz, kanporatuz eta espazio hustuz.

Desalojoa gauzatzen ari zela zabaldu ostean, hainbat pertsona gerturatu dira Etxebarrieta Anaien plazara, protesta egitera:

 

Arrakala AuzoKIDEon Etxea apirilaren 17an aurkeztu zuen jendaurrean AZETek, “Etxebizitza ez da negozioa” lelopean egindako manifestazioaren amaieran. Orain hamabost urte okupatu zen espazio bera lehenbizikoz, eta hustu zutenetik hutsik zeramatzan urte horiek denak. “Auzoan hutsik dauden beste hainbeste etxebizitza bezala, ehunka familiak etxerik ez duten bitartean”, AZETek azpimarratu zuenez.

Behin Arrakala publikoki ezagutzera eman ostean, poliziaren jazarpena etengabekoa izan da. Apirilaren 23an “Stop jazarpen poliziala, utzi Arrakala bakean” lelopean egindako elkarretaratzean salatu zutenez, Udaltzaingoak espaziotik igaro den jendea jarraitu eta identifikatu izan du, argazkiak atera dizkie edo bideoz grabatu ditu, eta alarma-egoera indarrean zela Arrakalako atean agertu izan dira etxeratze-aginduaz kanpoko orduetan. Astearte goizaldeko hustea izan da jazarpen jarraitu horren azken kapitulua.

Mobilizazio deialdia

Gertakariak salatzeko, "Kaleratzerik ez! Zuena da biolentzia!" lelopean manifestazioa deitu du AZETek astearte arratsaldean. 20:30ean abiatuko da Etxebarrieta Anaien plazatik.

Etxe kaleratzez jositako astea

“Bilbon gutxienez bi etxe kaleratze egingo diren astean, Bilboko Udalak gure auzokideen eskubideen alde borroka egiten dugunon etxea ere hustu egin du”, adierazi du AZETek sare sozialetatik. Etxebizitza taldeko bi kidek aste honetarako dituzte etxe kaleratze aginduak, eta horiei batu zaie Arrakalaren hustea ere. Leonor eta bere familiak osteguneko datarekin du etxe kaleratze agindua, eta Judith eta bere haurrak ostiralekoarekin. Bi kaleratzeak gelditu asmoz, egun horietan herritarrei mobilizatzera dei egin die AZETek: ostegunean 09:00etan Basarraten, eta ostiralean 09:15etan Cortes kalean.

Bestalde, orain astebete Desokupa enpresak Bilboko Alde Zaharrean esku hartuko zuela jakitera eman zuenetik, haien balizko jopuntuen artean zegoen Arrakala. Astearteko gertakizunen ondotik aukera hori baztertu egin da, baina ez Desokupak inguruetan berriz esku hartzeko aukera; astelehenean Basurtun etxe kaleratze bat burutu zuten. Auzokideek egunak daramatzate alerta antifaxista jotzen: asteartean manifestazioa egingo dute 20:00etan, Etxebarrieta Anaien plazan, eta asteazken goizean gosari antifaxista egingo dute toki berean, 07:30etatik 11:30etara bitartean. Horrez gain, Desokupa enpresaren etxe kaleratze saiakera baten aurrean jarduteko zenbait irizpide ere zabaldu dituzte:

 

 https://www.argia.eus/albistea/bilboko-udaltzaingoak-arrakala-espazioa-hustu-du

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fX9M