Principal |
Nacionales E.Herria :: 11/10/2021

Alde hemendik! Indar errepresiboak kanpora!

JARDUN
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herri sozialista!

Urriaren 12a 1918an ezarri zen espainiar estatuaren festa nazional bezala, “Día de la Raza” gisa ezaguna zena. Espainiak “Ameriketako aurkikuntzaren” aitzakiapean izendatu zuen bere nazio egun moduan. Frankismoan egun ezagutzen dugun formatua bereganatu zuen hispanitatearen egunak, espainiar inperioak Ameriketan burututako lapurreta, bortxaketa, sarraski eta garbiketa etniko sistematikoari hasiera eman zion gertakari historikoa ekartzen du gogora. Hego Euskal Herriari dagokionez, klase zein nazio parametroetako ukazioa oinarri izanda, hau azpiratuta mantentzen duen espainiar estatuak horrelako data baten ospakizuna bere egin izana ez da harritzekoa, beraz. Euskal Herri Langilearekiko esplotazioa eta jazarpena besterik ez den hizkuntza duen estatuak, esplotazioa eta biolentzia oinarri dituen efemeride baten ospakizuna burutzen dihardu. Lehengo lepotik burua.

Are gehiago, Urriaren 12a hispanitate egunaz gain Pilarika eguna ere badugu, Guardia Zibilaren patroiarena, sortu zen unetik Euskal Herrian izua, atxiloketak, torturak eta hainbat erailketa aurrera eraman dituen indar errepresiboarena. Izan ere, Euskal Herria bai frantziar zein espainiar estatuengatik militarki okupatutako nazioa dugu, burgesiaren interesak eta bere proiektu politikoa sostengatzeko orduan, zuzeneko biolentzia edo honen mehatxua darabilen zapalkuntza militarra mekanismo nagusitzat dutelarik. Lan horretan, Guardia Zibilarekin batera bai zipaioak, bai Nafarroa Garaiko Foruzaingoa zein EAEko Ertzaintza, estatu bakoitzaren polizia estatala nahiz armada eta Ipar Euskal Herriko Gendarmeria dituzte bidelagun.

Gaur telebistan, burgesiaren esku dauden komunikabideen eskutik, militar espainiarrak desfilatzen ikusteko aukera izango dugu, une horretarako espresuki mozorrotuta. Antzezlan hau, erregea eta guzti, enpresari, bankari eta politikarien aurrean garatzen den bitartean, miseriaren truke euren lan-indarra saltzera kondenatuta dauden beharginak, dirurik gabe edozelan aurrera egitea lortzen duten familiak, pentsio duinen aldeko borroka edota koronabirusaren pandemiak larru gorritan agerian utzi dituen osasungintza murrizketatik datozen egoerak dira ezkutuan geratuko direnak. Urriaren 12an patriotismoa baita tonika, argia eta gasolina ordaindu ezin duten langileen estatuan.

Espainiar estatuak hartzen duen estatu-forma hartzen duelarik, Euskal Herria militarki okupatuta dagoen bitartean, Euskal Herri Langileak nazio zein klase parametroetan zapalduta dirauen bitartean, espainiar nazio eguna intsumisio eguna izatetik haratago, espainiar estatu burgesarekiko apurketa oinarri eduki behar duen borroka eguna dugu. Hispanitate egunak irudikatzen duena frankismotik eratorria den estatuaren proiektu politikoari uztartuta baitoa. Honen aurrean, Euskal Herriko langileok sufritzen dugun klase zapalketa abiapuntutzat duen nazio zapalketari eman beharreko erantzuna, honen gaindipena berma dezakeen Euskal Estatu independiente eta sozialistaren egikaritzea da.

Espainiar estatuko oligarkiaren nagusitasuna agerian uztera bideratutako indar erakustaldia den hispanitatearen egunean Euskal Herriko kaleetako hormetan gerra egitera etorri diren horiei, letra larriz idatzita utzi behar zaiena “ALDE HEMENDIK, INDAR ERREPRESIBOAK KANPORA” leloa da.

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herri sozialista!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fZ4L