Principal |
Nacionales E.Herria :: 26/11/2021

Abenduaren 6an denok Durangora!

JARKI
Estatu burges zapaltzaileen konstituzioen aurrean, Euskal Herri Langileak apurketa!

1978ko Espainiako konstituzioak, frankismoan oinarrituta egoteaz ez ezik, honen inpunitatea eta zilegitasuna bermatu zituen, frankismoaren proiektu politikoari jarraipena emanez. Hala ere, orain dela 43 urteko kontuei so egitetik haratago, konstituzioaren jatorriaz beharrean, egun Euskal Herri Langilearen errealitate eta bizi-baldintzei zelan erasaten dien kontziente izan behar gara. Azken finean, bai frantziar zein espainiar estatuetako konstituzioak bi estatu hauek langileriaren aurka darabilten beste tresna bat baino ez dira, euren erregimenari legezkotasunetik eratorritako zilegitasuna erraztu behar dien marko juridikoa, alegia.

Euskal Herria azpiratuta mantentzen duten bi estatu hauek eta hauek sostengatzen dituzten konstituzioetan jasotako instituzioak, espainiar zein frantziar estatuetako burgesiaren interesak babesteko eraikiak dira. Era berean, Euskal Herria azpiratuta mantendu eta politikoki eta zatiketa administratiboa oinarri duten instituzioak, Euskal Herriko langileriaren nazio auzia ukatzeaz gain, banaketa bermatu eta betikotzeko diseinatuta daude. Bien bitartean, Euskal Herriko burgesiak eta estatuek darabiltzaten borreroek, era leialean dihardute bost sos eta hondarren truke.

Estatu burgesen pean Euskal Herri Langileak alokairua eta hipoteka ordaintzeko gorriak eta bi ikusten ditu, edota etxebizitza propioa eduki barik, gurasoen etxean bizitzera behartuta daude. Egunerokotasunean antzeman daitezkeen prezio, erregai eta argien gorakada Europako merkatu eta oligarkiaren interespean altxatzen da. Era horretan, eta legediak babestuta, bake soziala bermatu eta burgesiaren interespeko orden soziala zaintzeko Euskal Herria Europako bigarren gune militarizatuena dugu, ageriko kolore ezberdinen txakurren presentzia honek Euskal Herri Langilearen proiektu politikoaren gauzapena ekiditea duelarik helburu.

Euskal Herri Langileak ezin ditu, hortaz, bai klase zein nazio parametroetan berau azpiratuta mantentzera zuzendutako konstituzio burgesik onartu, argi eduki behar baitugu hauen izaera dela eta, erreforma ezinezkoa dela, Euskal Herri Langileari apurketa zaiolarik aukera bakarra. Hori dela eta, egoera honen aurrean otzan eta isilik geratzea ez da aukera bat, Abenduak 6 bezalako egun sinbolikoetan, Euskal Herri Langileak espainiar konstituzioaren aurkako eta honen atzean dagoen sistema ekonomiko kapitalistaren aurreko errefusa agerian utzi, eta bere proiektu politikoaren aldarrikapena Euskal Herriko plazetara atera beharra du. Euskal Herria politikoki ukatu eta langile klasea esplotatuta mantentzen dutenen aurkako dema herri langilearen aktibazioaren, antolakuntza jarraiaren bitartez lortuko baita bakarrik. Bide horretan, mobilizazioa beharrezkoa suertatzen zaiolarik Euskal Herriko Langile klaseari, euskal estatu independiente eta sozialista baten gauzapena lortu arte.

Horregatik, JARKI antolakunde iraultzaileak, abenduaren 6an 12:30etan Durangoko Landako Guneko tximiniatik abiatuta burutuko duen manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. Era berean, abenduaren 6a Euskal Herri Langilearentzat mobilizazio eta aldarrikapen eguna dela ulertuta, Euskal Herrian Euskaraz-ek egun berean arratsaldean Landako gunetik hasita 17:30etan burutuko duen mobilizazioarekin bat egin, eta honetara batzeko deia egiten du antolakunde iraultzaileak.

Estatu burges zapaltzaileen konstituzioen aurrean, Euskal Herri Langileak apurketa!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fZ6n