Principal |
Nacionales E.Herria :: 06/12/2021

Euskal Herri Langileak Apurketa!

La Haine - Euskal Herria
Jarki antolakunde iraultzaileak manifestazioa burutu du Durangon espainiar estatuaren konstituzio egunean.

Hona hemen manifestazioa bukaeran irakurritako hitzaldia:

https://www.jardunkoordinadora.org/jarki-k-konstituzioaren-aurkako-manifestazioko-amaiera-ekitaldian-irakurritako-agiria/

Euskal Herria bi estatuen menpe zatitutako herria dugu. Banaketa hori betikotzeko eta zilegiztatzeko, estatuek euren eraikuntza politiko, administratibo eta lege ororen jatorri diren konstituzioak dituzte oinarritzat.

Gaur, abenduak 6, Espainiako estatuaren Konstituzio eguna da. Inposatutako jaiegunaz haratago, askotan badirudi konstituzioaren eragina urruna edota arrotza zaiola gaur egun Euskal Herri Langileari. Baina zer eskaintzen diote benetan estatu zapaltzaileen konstituzioek, Euskal Herri Langileari? Ezin dugu ahaztu langileok gaur egun ezagutzen dugun errealitatea, eta honen eskutik pairatzen dugun maila ekonomiko, sozial, politiko eta kulturaleko jazarpena, estatuek osatzen duten instituzio eta organoen eskutik datozela eta, azken finean, hauek sostengatutako ekoizpen modu kapitalistan dutela jatorria.

Euskal Herriko langile klaseak pairatzen dituen miseria, etxegabetzeak, kaleratzeak edota kolore ezberdinetako txakurren jazarpena nahiz hauen inpunitatea konstituzioetan edota hauetan oinarritutako legeetan babestuta baitaude. Izan ere, estatu burgesak zilegiztatu nahian hauek legezkotasunez janzten dituzten dokumentuak dira. Baina garrantzitsua da terminoak ez konfunditzea.

Gauza bat legezkotasuna da eta beste bat, oso ezberdina, zilegitasuna eta justizia, eta azken hau klase parametroetan herri langilearengandik eratorria izan behar da nahi eta nahi ez. Langileak jazartzea, langileak egunero esplotatuta euren lan indarra saltzera behartzea, konstituzio hauengatik legeztatuta dagoen arren, ez baita zilegi. Langileak argia ordainduta ezin egotea, legezkoa izan arren, ez baita zilegi.

Euskaldunek euren egunerokotasunean euren hizkuntza zapalduta ikustea, egun Euskal Herriak pairatzen duen banaketa territoriala dela eta ematen den hizkuntz zonifikazioa eta erabilerari dagokionez inposatutako mugak legezkoak izan arren, ez baita, inondik inora ere, zilegi. Eta hau dena konstituzioan eta estatu zapaltzaileen legedietan jasota dago.

Konstituzioa, azken finean, estatu burgesaren oinarria baitugu, burgesiaren jabetza eta nagusitasuna bermatu eta sustatzen duen estatu burgesa. Langile klasea azpiratuta miseriara eta bere lan indarra saltzera kondenatzen duen estatu burgesa, langileriak pairatzen dituen inposizioa eta jazarpenaren iturria bilakatuz. Egoera horretan, normalitatea eta bakea bezalako terminoak burgesiaren interesen araberako orden sozialari egiten diote mesede, hauen parametroetan uler daitezkeelarik bakarrik. Estatu burgesa existitzen den bitartean, ekoizpen modu kapitalista Euskal Herrian indarrean dagoen bitartean, Euskal Herri Langileak ez baitu ez normalizazio ezta bakerik ezagutuko, burgesiak zapalketa eta menperakuntzaren lengoaia besterik ez baitu ezagutzen.

Estatuarengandik eratorritako biolentzia, estatuarengandik eratorritako injustizia, legezkoa baita ordenaren izenean eta betiere euren interespean eta legediak babestuta. Aldarrikapenak, protestak, orotariko disidentzia politikoa, kriminalizatu eta kriminal bilakatzen duten bitartean. Inposatutako legediari aurre egitea espainiar eta frantziar estatuen partetik errepresioa, atxiloketak, tortura eta espetxea zein heriotzarekin erantzuna izan da historikoki. Horren erakusgarri ditugu, Euskal Herri Langilearen alde aritzeagatik historian zehar eta oraindik ere estatuetako espetxeetan bahituta aurkitzen diren preso politikoak. Estatu zapaltzaileei dagokienez langileak edozelako parametroetan jazartzea, langileak esplotaziora eta miseriara kondenatzea legezkoa baita.

Ez gaitezen inozoak izan, euren interesak babesteko darabiltzaten indar errepresiboek, beharrezkoa denean normalizazioa eta euren bakea apurtu, eta inolako gupidarik gabe erabiltzen dute biolentzia.
Hori da, hain zuzen ere, euren eskaintza eta, azken finean, nora arte ailegatzeko prest dauden edota euren interesak arriskuan edo kolokan ikusten dituztenean hauei eusteko erakusten duten prestutasuna. Euren benetako aurpegia eta borondatearen adierazgarririk garbiena.

Euskal Herriak bi estatuen partetik jazartzeko eraikitako instituzio eta eraikuntza administratiboaren adibiderik garbiena egun euskal lurraldeak bost administraziotan banatuta egotea da. Alde batetik, Nafarroa Behera, Lapurdi eta Zuberoa Frantziako estatuak Pirenéus Atlantics departamenduaren baitan kokatzen ditu. Bestetik, Bidasoaren bestaldera, Espainiako estatuaren menpe daude Nafarroa Garaia, Nafarroako Foru Erkidegoaren baitan kokatuta dagoena; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, Euskal Autonomia Erkideagoaren baitan barnebilduta; Turtziozeko Villaverde, Kantabriako erkidegoaren baitan; eta Trebiñu, Gaztela eta Leoneko erkidegoaren baitan. Euskal Herriaren eraikuntza politiko-juridiko eta administratibo honen helburu bakarra, euskaldunon arteko batasuna apurtu eta bere kontzientzia nazionala lausotuz honetan arrakalak sortzea besterik ez da. Eta banaketa hau, estatuen inposizioari erantzuten dion banaketa hau, hain zuzen ere, estatu bakoitzaren konstituzio eta legedian jasota dago eta honengatik babestua eta sustatua da.

Gauzak horrela, Euskal Herri Langileak klase parametroetan esplotatua izaten jarraitzen duen bitartean eta parametro nazionaletan bere banaketa eta ukazioa oinarri dituzten instituzio hauen aurrean, erreformismoa ez da aukera bat. Izan ere, ezingo diogu burgesiari euren jokoan eurek inposatutako arauekin inoiz irabazi. Honek, instituzionalismora mugatutako estrategiak antzu bilakatzeaz haratago, estatuen planteamenduak onartu eta euren parametro eta instituzioetan murgiltzea suposatzen du. Euskal Herri Langilearen jardunetik, kontra-boteretik, eratorritako prozesu iraultzaileari uko egitea dakarrelarik. Jardun instituzionala, izaera integraleko alternatiba iraultzailearen beste alor bat bezala uler baitezake bakarrik Euskal Herri Langileak prozesu iraultzailearen baitan.

Honen aurrean, apurketa politikoa da Euskal Herri Langileak daukan aukera bakarra, erantzuna eta mobilizazioa beharrezkoak direlarik horretarako. Ezin ditugu onartu estatu burgesek inposatutako markoak. Euskal Herriko langileok instituzio hauekin apurtzeko eskura ditugun tresnak baliatu edota sortu beharrean gaude. Apurketa politikoa prozesu iraultzailearen eskutik doalako eta, azken finean, prozesu iraultzaileak konfrontazio politikoa izan behar duelako oinarri.

Horregatik, antolatu eta saretu beharra dauka Euskal Herri Langileak, apurka-apurka baina luzetarako perspektibarekin. Bere jardun politikoa normalizatu beharra dauka Euskal Herri Langilearen Alternatibak, Euskal Herriko kaleetan, herri honetako langileen begietan. Alternatibak eskaini eta estatuek eta beren instituzioetan diharduten alderdien jardun politikoaz haratago, herri langilearen eskutik eta antolakuntzatik eratorritako kontra-boterea, martxan jartzeko aukera dagoela erakutsiz, instituzionalismoa gaindituz eta honek burgesiaren interesei soilik mesede egiten diela azaleratuz.

Kontra-botere parametroen eskutik eman behar den izaera nazionaleko klase eraikuntzatik bakarrik lortuko baitu Euskal Herri Langileak botere politikoa eskuratu eta independentzia eta sozialismoa erdiestea. Euskal Herri Langileak pairatzen duen nazio auziari aterabidea emateko honek bere instituzio politiko propioak garatzea beharrezkoa baitu, independentzia horretarako derrigorrezko baldintza delarik. Baina benetako independentzia sozialismoaren eskutik uler daiteke bakarrik, ez binomio gisa baizik eta prozesu iraultzailearen osotasunaren parte gisa. Prozesu iraultzailearen emaitzak, Euskal Herriko langileen boterea oinarri, klaserik gabeko gizarte baterantz aurrerapausoak emateko beharrezkoa den prozesu sozialistaren mugarriak finkatzea ahalbidetu behar digun estatu independiente eta sozialista baten gauzapena bermatu behar baitu.

Gauzak horrela, abenduaren 6an espainiar estatuaren kasuan eta irailaren 28a frantziar estatuaren kasuan, Euskal Herri Langileak bere aldarria kalera ozen eta irmo atera behar du. Ez gaitezen isilik eta otzan geratu inposatutako marko juridiko eta instituzionalen aurrean. Atera dezagun eta berma dezagun gure aldarria presente dagoela Euskal Herriko txoko guztietan, ez bakarrik egun hauetan baizik eta urteko egun guztietan. Hori baita bide bakarra jendea kontzientziatzeko. Hori baita bide bakarra jendeari antolakuntza esparruak eskaini eta antolatzeko aukera dagoela erakusteko. Hori baita bide bakarra jendearen aktibazioa eta engaiamendua sustatzeko. Hori baita bide bakarra Euskal Herriko langileriak beharrezkoa duen prozesu iraultzailea bururaino eraman behar duen alternatiba iraultzailea ehuntzen joateko. Bide luzea dugulako aurretik baina era irmo eta jarraian apurka-apurka bide hau jorratzen jarraitu behar dugulako.

 Gora Euskal Herria askatuta!

Independentzia eta sozialismoa!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fZ7D