Principal |
Euskal Herria :: 08/08/2022

Malen jaietako gertaeren harira

Mutrikuko Gaztetxia

MALEN JAIETAKO GERTAEREN HARIRA
Aurtengo Malen jaietako Gazte Egunaren harira sormako iskanbilak eta horren ondorioz Gaztetxeak eta bertako zenbait kidek pairatu behar izan duten seinalamendu zuzena dela eta, egun batzuk pasa eta giroa pixka bat baretu den honetan, Mutrikuko Gazte Asanbladatik honako ohar hau atera dugu gertaeraren argipen bat egin eta jazotakoa salatzeko. Honako oharrak ez du helburutzat aurrez egondako iskanbila berpiztea, auziaren inguruko gure posizioa azaltzea du xede.
Jaiak baino egun batzuk lehenago jai batzordeak adierazi zuen antolatutako egitarauan eta hori burutuko zen espazioetan erasotzaileak zein indar polizialak ez zirela ongi etorriak izango. Jakina da indar polizialen presentzia ez onartzeak zeresan handia eman duela herrian. Horren aurrean, MUGAtik ere Jai Batzordean hartutako erabakia berresten dugu eta geure egiten dugu gure espazioetan segurtasuna bermatzeko eta indar polizialen presentziarik ez egoteko hautua. Izan ere, poliziaren izate arrazoia langileriaren gaineko dominazioa bermatu eta bere aurkako errepresioa ezartzea da, eta ezin ditugu gure espazioetan instituzio horren parte direnak naturaltasun osoz onartu. Jabeen mesedetan familiak etxegabetzen dituztenak, greban dauden langileak jipoitzen dituztenak, migratzaileak jazartzen dituztenak eta gure eguneroko jardun politikoa onopatzen dutenak ez dira ongi etorriak gure espazioetan.

Esan bezala, jaiak hastear zirela iskanbila handia sortu zuten zenbaitzuek erabaki horren harira, eta gutxika dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, alderdi politiko ezberdinek eta masa komunikabide handiek beraien interesetarako egoera aprobetxatuz. Batetik, salatu nahi dugu erabakiaren gainean sortu den manipulazio egoera, erabakia desitxuratuz, desinformatuz eta, besteak beste, emakume baten kontrako eraso matxistatzat mozorratuz.

Bestetik, oso larria iruditzen zaigu testuinguru hau baliatuz Jai Batzordearen eta Gaztetxearen aurka ireki den seinalamendu eta kriminalizazio kanpaina. Kanpaina honetara laster batu ziren El Correo, El Diario Vasco, ABC eta antzeko beste masa komunikabide batzuk, baita alderdi politiko ezberdinak ere. Horren bidez, bizikidetzaren eta aniztasunaren izenean poliziaren presentzia are eta gehiago normalizatzea eta horren bidez bere jarduna erraztu eta eraginkortzea lortzen da, eta baita jai-giroa guztiz despolitizatzea ere. Bide batez, gure militantzia politikoa seinalatu, kriminalizatu eta etor daitezkeen errepresio kasuak justifikatuko dituen testuinguru bat sortzen da horrela. Bereziki aipatzekoa iruditzen zaigu udaletik (EHBilduk, EAJk eta B+Ik) ateratako oharra, zeinetan jai batzordearen erabakia publikoki salatu zen eta polizia normalizatzearen aldeko mezua zabaldu zen. Batzuen eranmina agerikoa izan arren, adierazgarria eta salagarria da Ezker Abertzalearen papera. Izan ere, egoerak beraien kontraesanak azalarazi dituenean udaletxeko komunikatuaren bitanez argi utzi dute beraien posizioa eta horrek ere aipatutako seinalamenduei bide eman die.

MUGAtik irmoki salatu nahi dugu Gaztetxearen eta bertako kide batzuen aurka egindako seinalamendua, hauek gure jardun politikoa onopatzeaz gain etorkizunean izan daitezkeen errepresio kasuei bide ematen baitie. Hala ere, gertaera honek gure jardunarekin jarraitzeko arrazoi bat gehiago ematen digu. Autoritarismoaren gorakada eta askatasun politikoen murrizketa nagusi diren testuinguru honen aurrean, militantzia politikorako baldintzen defentsan eta errepresioari aurre eginez jarraituko dugu.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gB6H