Principal |
Nacionales E.Herria :: 06/09/2022

Dena eman dutenengatik Euskal Herria dugu irabazteko

JARKI
Gudari eguna 2022. Irailaren 24an Hernaniko Gudarien Plazan 12:30:etan

Euskal Herria jazartzen duten Frantziako eta Espainiako estatuek, ahanzturaren eta historiaren manipulazioaren bitartez, euren neurriko errelatoaren eraikuntzan murgilduta dihardute buru-belarri. Zapaldu eta zapaltzaile logika jarraituz, galtzaile-irabazle logikaren pean oinarritutako kontakizuna sustatzea helburu, memoria gudu-zelai bilakatu dute. Euskal Herria jazartzen diharduten txakurren eskutiko garaipen polizialaren istorioa, hauek Euskal Herri Langilearen begietan zilegiztatu eta euren ibilbidea zuritzen duena. Herri langilea eta bere askatasun guraria deuseztatzeko, estatuek eta euren borreroek urte luzeetan era sistematikoan aurrera eramandako jazarpen estrategiaren baitan burutu dituzten errepresioa, eskubideen ukapena, atxiloketak, torturak, espetxeratzea, erbestea zein erailketak ezkutatzen, eta erruduntasuna herri honen askapenaren alde borrokatutako gudarien gain kokatzen duen errelato interesatu eta faltsua.

Baina saldu nahi dutenaren kontra, ez gara bakearen gailentzeaz ari, estatuek inposatutako ordenaz baizik. Euskal Herriaren nazio izaeraren, bere kulturaren eta hizkuntzaren ukazioa asimilaziorako baliatzen dituen ordena. Langileak lantokietan esplotatuta bizirautera eta miseria zein azpirazioa besterik ez den jomuga edukitzera kondenatzen dituen ordena. Euskal Herriaren askapenaren alde borrokatutako gudariak preso mantentzen dituen ordena. Harreman patriarkalen bitartez kapitalaren birprodukzioa mantentzeko genero zapalkuntza emakume langilearen aurka baliatzen duen ordena. Jazarpen juridikoaren eta poliziala medio Euskal Herria administratiboki muga artifizialen bitartez banatuta mantentzeagain, azpiratuta mantentzen duen ordena.

Hamaika dira Euskal Herri Langileak pairatzen dituen zapalketak eta borrokarako arrazoiak. Baina jazarpenaren erantzukizuna ezin da mugatu kolore ezberdinetako txakurren eskutik ematen den okupazio militarrera eta polizialera. Frantziar eta espainiar estatuetako instituzioak Euskal Herria zapalduta mantentzeko tresna diren heinean, honek pairatzen duen zapalkuntzaren adierazgarri nagusia dira; Euskal Herri Langilea mendean mantentzeko, instituzio ezberdinek eta hauetan diharduten zein hauen lepora bizi diren politikariek aipamen berezia merezi dutelarik, herri langileak pairatzen duen zanpaketari dagokionez duten erantzukizunagatik. Izan ere, eurek kontrolatzen dituzten lege eta justizia burgesen neurrirako ordena sortu eta mantentzeaz gain, edonolako disidentzia politikoa eta izaera iraultzaileko dinamika deuseztatzera zuzenduta dago. Gauzak horrela, mugimendu iraultzaileak instituzio hauei alternatibak planteatzea izan behar du helburu nagusitzat, hauen zilegitasuna eta etsaiaren botereguneak borrokatzearekin batera.

Ezin dugu etsaiak saldu eta inposatu nahi duen errelatoa onartu, zapalduek eta zapaltzaileek bizi duten errealitatea ez baita bera. Izan ere, botere-harreman egoeretan, adiskidetze posizioak botere posizioan aurkitzen den parteari mesede egitea dakar, halabeharrez. Esplotazioa, errepresioa, biolentzia eta gerra langileria zapaltzen diharduen burgesiaren eskutik baitator beti. Zapaltzaileen eta zapalduon kontaera ezin da parekatu, beraz, euren interesak eta egoera kontrajarriak diren heinean.

Errepresioak dirauen bitartean, Euskal Herria nazionalki ukatua eta sozialki zapaldua den bitartean askatasun egarria konstante bat izango den heinean, herri honen askapenaren alde dena eman duten gudarien borroka konstante bat izango da. Gudarien borroka lehen lerroan jartzea, memoriara mugatutako egintzaz haratago, Euskal Herriaren askapenarekiko engaiamenduaren eta konpromisoaren eredua da. Horregatik, Euskal Herri Langileak ez du bere gudarien borroka ahaztuko eta, are gutxiago, galdutzat emango, borroka hau Euskal Herriko langileon oinazearen parte eta erantzuna baita.


Gora Eusko Gudariak!

INDEPENDENTZIA * SOZIALISMOA

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gB8P