Principal |
Nacionales E.Herria :: 17/11/2022

15 Euskal herritarren deklarazio judizialaren aurrean

ASKE
Oraingoan espainiar estatuak lbai Aginaga preso politiko ohiari egindako ongi etorriaren aitzakia baliatu du euskal herritarren aurka jotzeko

Gaur eta bihar, azaroak 17 eta 18, 15 pertsona, horien artean JARDUN-eko zenbait militante, Madrileko Audientzia Nazionalera deklaratzera deituak izan dira. Oraingoan espainiar estatuak lbai Aginaga preso politiko ohiari egindako ongi etorriaren aitzakia baliatu du euskal herritarren aurka jotzeko. Horrela, terrorismoa goratzea leporatuta jarri dute martxan prozesu juridikoa. Ez da akusazio hau baliatuta Euskal Herriko pertsonak epaituak diren lehen aldia, eta argi dugu ere ez dela azkena izango. Izan ere, edozein elkartasun keinu edota borroka izpi etsaiarengatik zapaldua eta kriminalizatua izango da, Euskal Herriaren askapen egarria ito nahian. Horretarako, beraien eskuetan dagoen estatuaren makinaria errepresibo guztia baliatuko dute.

ASKE antolakundetik gogor salatu nahi dugu espainiar estatua bere jazarpenari jarraipena emanez egun hauetan burutzen ari den maskarada. Izan ere, argi dago prozesu juridiko hau adibide diziplinario gisa baliatu nahi dutela, bere izaera eta motibazio politikoa argia delarik. Alta, Euskal Herriko edozein pertsonak badaki Audientzia Nazionalarengatik deitua izateak dakarrena, epaitegi politiko hau espainiar estatuak izua hedatzeko eta borrokaren edozein hazi suntsitzeko tresna den heinean.

Dena den, prozesua Audientzia Nazionalaren bitartez aurrera eramaten ari bada ere, VOX alderdi faxistak euskal mugimendu iraultzailearen aurka abiaturiko ofentsiba juridikoaren baitan kokatu behar da. Honek estatuak Euskal Herri Langilearen aurka darabilen errepresioa leundu beharrean, honen kontrako jazarpena eramateko garaian hau VOX-eko faxisten esku utzi du. Izan ere, PSOE-ren estrategia argia da: jazarpen eta praktika erreakzionarioenak publikoki faxisten esku utziz, eurak zuritzea eta espainiar estatua eskubideen berme eta moderazioaren adibide gisa aurkeztea.
Baina ez gaitzatela itsutu, VOX, estatuko polizia, ejertzitoa edo administrazioa moduan burgesiak darabiltzan estatuaren beste aparatu bat baino ez da. Horrela, gaur eta bihar, Madrilen, Euskal Herriaren historian zehar ohikoa den argazkia baino ez da errepikatuko; hartzen duen forma hartzen duelarik errepresioa delako estatuek Euskal Herri Langilearen aurka sistematikoki jotzeko baliatzen duten tresna.

Horren guztiaren aurrean, antolatzea besterik ez zaigu geratzen. Euskal Herriak nazionalki eta sozialki azpiratua jarraitzen duen bitartean, 15 euskal herritar Audientzia Nazionalera deklaratzera bertaratu behar izateak ohiko gertakaria izaten jarraituko du; Audientzia Nazionala egoera hori bermatzeko estatuaren tresna delarik. Horregatik, beharrezkoa zaigu honelako prozesuak salatzea eta hauei aurre egin ahal izateko baldintzak sortzea eta, horretarako, estatuaren jazarpen estrategiari aurre egin behar dion ASKE antolakundea gorpuztu beharra dago izaera integraleko alternatiba politikoaren baitan. Izan ere, amnistiaren lorpena ezinbesteko baldintza da, Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresioa gainditzeko bidean.
Euskal Herrian, 2022ko azaroaren 17an.
ASKE

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gC52