Principal |
Nacionales E.Herria :: 02/06/2023

Herriarena herriarentzat. Kontrakantxa askatu!

Errotu gazte asanblada
Guk ez dugu soilik gaztetxean sartzeko eskubidea nahi, guk bere parte izan nahi dugu eta gaztetxea gazte mugimendu osoari zabaldu nahi diogu

Joan den asteetan Hernaniko Kontrakantxako kideekin bildu gara, gaztetxea erabiltzeko beharra genuela adierazteko asmoz. Erantzuna argia izan da, ERROTU Gazte Asanbladako kideoi gaztetxearen erabilera ukatu zaigu.

Lehenik eta behin, argi eta garbi utzi nahi dugu ERROTU GAZTE ASANBLADA zergatik eta zertarako sortu zen. Duela urtebete, Hernaniko gazte talde bat bildu ginen behar komun batzuei erantzun bat emateko. Denona eta segurua izango zen espazio baten beharra ikusten genuen eta identifikatuak sentituko ginen gazte mugimendu bat berpizteko elkartzen hasi ginen. Beraz, argi utzi nahi dugu inolako momentutan geure helburua ez dela izan Hernaniko Kontrakantxa Asanbladaren jarduna oztopatzea.

Bi urte hauetan nahiz eta elkarren arteko ideiak bateragarriak ez izan, saiatu gara San Joanei begira herri bazkari bateratu bat egiten, herria eta elkarren arteko harremanak ez okertzeko. Horren aurrean, beraiek Errotu Gazte Asanbladarekin bazkaria egiteari uko egin diote.

Urte batzuk dira Kontrakantxa Gaztetxea Mugimendu Sozialistak beregain hartu zuela. Horregatik, espazio falta horren beharrari erantzun bat emateko Errotutik lanketa bati ekin genion, gu ere gaztetxearen parte izateko eta bertan geure jarduna aurrera eraman ahal izateko.

Apirilean, haiekin harremanetan jarri ginen geure nahiak eta asmoak adierazteko, eta adostasun batera iristeko. Asteetan zehar beraien atzetik ibili gara, eta ezetza eman digute, arrazoi hauen aitzakipean: alde batetik, elkarren arteko balio eta printzipioak berdinak ez direla; eta, bestetik, parranda giroan gaztetxean sartze hutsagatik erabilpena eman izan diogula.

Guk ez dugu soilik gaztetxean sartzeko eskubidea nahi, guk bere parte izan nahi dugu eta gaztetxea gazte mugimendu osoari zabaldu nahi diogu; gazteok batu, antolatzen jarraitu eta herria bizirik mantentzeko.

ERROTU GAZTE ASANBLADA

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gE0r