Maddi Hegi, 1961ean Heletan sortua, eta IK-eko ekintzailea izan zena. Uda ezizenez ezagutzen zuten. 1985ean atxilotu zuten, eta Paueko kartzelan zegoelarik, 1987an IK-eko militanteek egin zuten ekintza ausart eta adimentsu batez, bai Maddi eta bai Gabi Mouesca borroka-kidea askatu zituzten. IK-eko hainbat militante, poliziez jantzita espetxera sartu eta eraman zituzten bi ekintzaileak. Bada hemen gaia eleberri edota film bat egiteko. Egun batean eginen delakoan nauzue.
Haatik, sei hilabete berantago, 1987ko ekainaren 21eko gauean, Miarritzeko Herausta auzotik barna autoz zihoala, poliziaren kontrol bat zegoen, eta ihes egin nahian, heriotzarekin topatu zen. Eneko Bidegainek, Gatuzain argitaletxearen bidez, 2007an plazaratu zuen “Iparretarrak. Erakunde politiko armatu baten historia” liburu gogoangarrian ederki kontatzen digu gau ilun lazgarri hartan gertatu zena. Horra hor:
“1987ko ekainaren 21eko gaua iluna izan zen. 23:10ak ziren, 4L markako auto bat, Arbonatik Miarritze aldera abian zelarik, Herausta (Negresse) auzora heldu zenean. Stop batean gelditurik, poliziaren kontrol bat bazela ohartu ziren. Eskuineko bidea hartu zuten baina bi polizia haien gibeletik abiatu ziren. Militanteak bide asfaltatutik atera ziren eta poliziek haien gibeletik segitu zuten. Halako batez, bidea burdinbidearen gainetik pasatzen zen. Militanteen autoa han gelditu zen, ez aitzina ez gibelera. Poliziak ere auto haren ondoan jarri ziren, bidea mozteko gisan.
Poliziek autoko gidaria, Betti Bidart, atxilotu zuten. Haren ondoan zegoen hogeita sei urteko neska, Maddi Hegi, sei hilabete lehenago Paueko presondegitik eskapatua, ihes egiten hasi zen oinez, baina bigarren poliziak, Roger Latasak, harrapatu zuen. Segidan bere autoko gibeleko aldean ezartzera behartu zuen. Gibeleko ateak ez zitezkeen barnetik irek. Orduantxe, 23:14ean tren bat bazetorren, 80 kilometro orduko abiadan. Polizien R18 autoa, burdinbide erdian zegoena, kolpez jo zuen eta bi zatitan moztu. Aitzineko zatia burdinbidearen eskuineko aldera bota zuen, eta Maddi Hegi atxilotu zuen polizia autoarekin batera erori zen eta kolpean hil.
Trenak Maddi Hegi zegoen auto zatia beste berrehun metroz eraman zuen herrestan, 4L autoarekin batera. Bi autoak sutan zeuden. Maddi Hegiren gorpua kiskalirik eta xehaturik aurkitu zuten. Ez zuten berehala ezagutu ahal izan, baina berehala ikusi zuten emazte bat zela, haren ondoan nortasun agiri faltsu bat aurkitu zutelako, ile luzeko emazte baten argazkiarekin.”
Hil zelarik, Maddi Hegik hogeita sei urte zituen. Haren heriotzaren albistea bolbora bezala zabaldu zen Euskal Herriko herri eta bazter guztietara, eta hotzikara batez jaso genuen berria garai hartako euskal prentsan.