1991ko abuztuaren 17an larunbata, Donostiako Aste Nagusiko azken eguna, atxiloketak Errenterian, Usurbilen eta Donostiako Parte Zaharrean eta Amara auzoan egin zituzten Intxaurrondotik ateratako uniformedunek gauean; 11 lagun guztira. Geroago goizez 09:00ak aldera, Morleanseko Tolaretxe etxean gotortu ziren Ormaetxea, Itziar eta Leunda atxiloketari tiroka aurre egiteko prest. Hurrengoak beren bizitzako azken orduak izan ziren. Lau orduz luzatu zen Guardia Zibilaren eraso odoltsua erraza baitzen Tolaretxe ingurua erabat ixtea, bi sarbide baino ez dituelako Morlans auzoak. Tiroketa horietako batean bi guardia zibil zauritu zituzten, bat oso larri. Bizirik atera zen. 13.00ak aldera etxeko jabea zen Maria Eugenia Muñagorri ikusi zuten ateratzen, besoak gora, eta segituan eraman zuten atxilo. Hortik aurrera, tentsioak gora egin zuen. Eguerdi alde horretan gogortu egingo zen Guardia Zibilaren GAR taldeko dozenaka kideren erasoa, azkenean Tolaretxera tropelean sartu ziren arte. Barruan gertatu zena gorpuei eginiko autopsiak emango zuen aditzera: oso gertutik egindako tiroak zituzten Leundak, Itziarrek eta Ormaetxeak, buruan eta gorputzeko beste atal batzuetan, hiltzeko asmo garbiz egindakoak. Bederatzi izan ziren Leundaren kasuan. Guztiz zulaturik geratu zen Tolaretxe, guardia zibilek lau orduz beren metrailetez zigortu ostean. Beraiek ziurtatu zutenaren arabera, 600 bala marka zenbatu zituzten eraikinean. Gertaera hauek lekuko izan zuten unean “Eusko gudariak” abesten entzun zituzten auzokideek.