Ostiralean (hilak 8) 25 urte beteko dira ultraeskuindar batek Aitor Zabaleta realzalea hil zuenetik, eta Bultzadak manifestazioa antolatu du haren omenez eta faxismoaren aurka. Manifestazioa 19:00etan hasiko da, Bulebarrean.
Madrilen hil zuten Zabaleta, Atletico Madrilen eta Realaren arteko UEFA kopako kanporaketako neurketa ikustera joan zenean. Vicente Calderon estadioaren kanpoaldean, faxista batzuk oldartu egin zitzaizkion, eta oldarraldi horretan, faxistetako batek, Ricardo Guerrak, labankadaz hil zuen Zabaleta.
Guerra hamazazpi urteko espetxealdira kondenatu zuten hilketarengatik, baina 2006an, erailketatik zortzi urtera, hirugarren gradua aplikatu zioten eta aske gelditu zen. Ordea, 2018an berriz atxilotu zuten, Belgikan, Atletico Madrileko beste hainbat zalerekin batera agur faxista egiteagatik.