Principal |
Nacionales E.Herria :: 13/01/2024

Zarauzko udaltzainek su-armak eramango dituzte

La Haine - Euskal Herria
EAEko Auzitegi Nagusiak poliziaren sindikatuak egindako eskaera onartu du eta udalari hauek armaz hornitzea agindu dio.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak arrazoia eman dio ERNE-SVPE polizia-sindikatuari, Zarauzko Udaltzaingoko kide guztiak su-armak eramateko jarritako demandaren harira. Sindikatuak jakinarazi duenez “epai berri honek Zarauzko Udalak jarritako errekurtsoa ezezteaz gain, sindikatuak egindako atxikimendua baieztatzen du, hori dela eta Zarauzko Udala prozesuaren kostuak bere gain hartzera eta Udaltzaingoko kide guztiei su-armak ematera kondenatzen du”. Era berean, epaiak ezartzen du Udaltzaingoaren su-armen erabilera “beharrezkoa dela herritarren segurtasuna mantentzeko eta ezartzeko”.

Udaltzainak armaz hornitzearen aldeko epaiak, udalen borondatearen kontra, Eibarren, Tolosan eta Zarautzen eman dira, hurrenkera horretan. Eibarren kasuan, JARKI antolakunde iraultzaileak gertakari hauek salatu zituen (Eibarreko munizipalak indartu eta armatzearen aurrean JARKI antolakunde iraultzaileak egindako irakurketa - Jardun Koordinadora): “Estatua biolentziaren monopolioaren jabe moduan ulertuta, eta haren kontrola burgesiaren eskuetan dagoela kontuan hartuta, erraz esan daiteke martxan jarri dituzten neurri sistema errepresibo hauek helburu finko bat dutela. Hain zuzen ere, beraien zapalkuntza sistemaren betikotzea eta antolatuta gabiltzanon kontrako jazarpena. Euskal Herrian, frantziar zein espainiar estatuek inposatzen duten indar militarrarekin gutxi ez, eta Eusko Jaurlaritzak munizipalak armatu eta indartzearen aldeko apustua egin du, Ertzaintzak kaleak militarizatzeko helburua ase ez balu bezala”.

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat prest du udaltzain guztiak pistolaz patruilatzera behartzeko

Pasa den urteko uztailean, Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak jakinarazi zuen dagoeneko dekretu bat prest dutela, EAEko tokiko kidego guztietako udaltzain guztiek, 81 guztira, 9 mm parabellum kalibreko su-arma labur bat eraman dezaten, gutxienez 13 tiro egiteko ahalmenarekin. 5 000 biztanletik gorako udalek urtebete izango dute Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen denetik jarraibide horiek betetzeko, txikienek bost urte. 2023ko otsaileko datuen arabera, tokiko 3 177 agentetatik 560k lan egiten zuten armarik gabe, % 17,62.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gG2H