Maiatzaren lehenean okupatu zuten espazioaren aurkezpenaren ostean, JARDUN-ek izaera desberdineko jarduerak egingo dituela jakinarazi zuen, esaterako, hitzaldiak, mahi inguruak, bilerak, tailerrak, liburuen aurkezpenak… Jarduera hauen helburua zera da: interes politikoa duten pertsonak biltzea eta saretzea, kontzientziatzeko, eztabaidatzeko eta antolakuntzan sakontzeko. Baita espaziorik gabe eta horren beharra daukaten eragileentzat espazio eskeini ere. Hau izango da hurrengo bi asteetako egitaraua:
Ekainaren 3an, arratsaldeko 18:30etan “Leninen 100. Urteurrenaren” hitzaldia Jose Antonio Egidoren eskutik. José Antonio Egido Zientzia Politikoko eta Soziologiako lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, baita Soziologiako doktorea Provence-ko Unibertsitatean ere(Frantzia). Unibertsitateko irakaslea izan da Txinan. Era berean Viaje a la nada, Jesús Larrañaga: komunista eta abertzalea, VOSA, Tristes espectáculos: las mujeres en los Alardes de Irun y Hondarribia eta ¡Aquellos chicos tan majos! liburuak idatzi ditu.
Ekainaren 5ean, arratsaldeko 18:30etan “Nola jokatu poliziaren indarkeriaren aurrean?” tailerra egongo da Txago Gipuzkoaren eskutik. Txago indarkeria polizialaren erregistrorako tresna autonomo bat da.
Ekainaren 7an, arratsaldeko 18:30etan, “Ategorrietako Sarraskia” hitzaldia Josetxo Otegiren eskutik. Ategorrietako sarraskia 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak Donostiako Ategorrieta inguruan egindako sarraskia da. Guardia Zibilak tiro egin zuen Pasaiatik zetorren itsas langileen manifestazio baten aurka. Manifestazioan bi mila pertsona inguru ziren, tartean emakumeak eta haurrak. Zazpi langile hil eta hogeita hamar bat zauritu zituzten.
Ekainaren 9an, arratsaldeko 18:30etan, “Hautsitako lehioak” dokumentalaren proiekzioa, Zunbeltz Larrearekin. Zunbeltz Larrea Azpiri preso ohiak 15 urte espetxeratua pasatu zituen,Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar urteko kartzela zigorra ezarri eta gero, ETArekin kolaboratzea eta lehergai biltegia izatea leporatuta. Aurrez, hainbat aldiz atxilotu zuten, kale borroka egotzita.
Ekainaren 10ean, arratsaldeko 18:30etan, irakurle taldearen aurkezpena.
Ekainaren 11n, arratsaldeko 18:30etan, “La ertzaintza que viene’’ liburuaren aurkezpena Ahoztar Zelaietaren eskutik. Ahoztar Zelaietak Egin egunkarian eta Ardi Beltza aldizkarian lan egin zuen, Baltasar Garzon epaileak itxitako komunikabideak. Gaur egun El Salto-rako artikuluak argitaratzen ditu.
Ekainaren 13an, arratsaldeko 18:30etan, “Palestinar erresistentzia eta gaur egungo egoera” hitzaldia Samidounen eskutik. Samidoun Palestinian Prisoner Solidarity Network nazioarteko aktibisten sare bat da, preso politiko palestinarrekiko elkartasuna antolatu eta hauen askatasuna lortzeko borrokan diharduena. Samidoun 2011ko irailetik urrira preso palestinarrek Israelgo kartzeletan egin zuten gose grebaren ondorioz sortu zen, preso palestinarrei laguntzeko sare baten beharra zela eta.
Ekainaren 14an, arratsaldeko 18:30etan, U14 Kolektiboaren aurkezpena. Kolektiboak Ipar Euskal Herriko militanteak biltzen ditu eta asimilazio nazionala borrokatzeko bidean Frantziako egun nazionalaren aurkako manifestazioa antolatzen du urteoro, uztailaren 14an.