Principal |
Nacionales E.Herria :: 08/02/2025

Milaka herritar mobilizatu dira israelgo Maccabi taldeak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko

La Haine - Euskal Herria
Maccabiren presentziak “Israelgo Estatuaren normalizazioari egiten dion ekarpena” salatu du Palestinarekin Elkartasunak.

Milaka pertsona mobilizatu ziren atzo arratsaldean Gasteizen Baskonia eta Maccabi Tel Aviv saskibaloiko Euroligako bi taldeen arteko partidaren aurka, eta Israelen genozidioa salatzeko. Manifestazioa 18:30ean atera zen, Iparralde gizarte etxetik, Buesa arena pabiloira hurbiltzeko asmoarekin. “Israeli boikota, Palestina askatu, Ibaitik itsasora Palestina izango da” eta halako oihuak entzun ziren ibilbidean zehar. Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu zuen protesta amaitu berritan bertaratutakoak zelaiaren inguruan geratu zirela protestan, hesiz inguraturik eta polizia kordoi handi batek inguratuta.

Manifestazioaren amaierako komunikatuan adierazi zuten “Palestinarekiko egiazko elkartasuna Israelen eta haren konplizeen aurkako borrokaren eskutik” doala, eta kirol lehiaketa eta partida horiek “Israelgo Atzerri Ministerioak diseinatutako propaganda planaren barruan” daudela. Alde horretatik, Maccabiren aurka agertzearen garrantzia azpimarratu dute, gaurkoa bezalako norgehiagokak “oso garrantzitsuak” baitira Israelentzat. Horretaz gain, Israelgo Estatua, Mendebaldeko gobernuen eta “euskal instituzio, banketxe eta enpresen babesa” eta NATOren eta Europako Batasunaren agenda militarista ere salatu dituzte: “Guk argi dugu Israelen izaerak ezinezko egiten duela Palestinaren askatasuna. Izan ere, estatu sionistaren oinarrian daude palestinarren kolonizazioa eta garbiketa etnikoa. Estatu supremazista hori desagertuta soilik etor daiteke Palestinaren eta Asia Mendebaldeko gainontzeko herri langileen askatasuna”. Gogoratu zuten Palestinako egoera muturrekoa dela oraindik ere. Israelek erasoaldia hasi zuenetik urte eta erdira, sarraskia izugarria da: “Gazan hamarnaka mila hildako eta zauritu, ehunka mila errefuxiatu, eta oinarrizko azpiegitura suntsituta. Zisjordanian, berriz, kolonia berrien eraikuntza, hilketa indiskriminatuak eta palestinarren atxiloketa masiboak. Hilabete hauetan aurrez aurre ikusten ari gara basakeria kapitalistak ez duela mugarik”. Azkenik, Mendebaldeko estatuek eta euskal erakundeek Israelgo politikekin duten konplizitatea ere salatu zuten: “Banketxeak, euskal enpresak, Espainiako eta Frantziako gobernuak, NATO eta Europako Batasunaren agenda militarista”. Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute, “Israel normalizatzen duten ekimenen eta sionismoaren konplizeen” aurka.

Mobilizazioaren bukaeran, behin Baskoniaren eta Maccabi Tel Aviven arteko partida hasita zegoela, tentsio uneak egon ziren, eta hainbat manifestari identifikatu eta miatu zituztela azaldu du plataformak. Are gehiago, Ertzaintzak Indar Baskonia zaletuen taldeak zeraman "Palestina askatu" pankarta bat sartzea ekidin zuen, eta zaletuek azken unean sartzeari uko egin zioten, protesta gisa. Indar Baskoniak azaldu duenez, aurretik baimenduta zegoen pankarta hori pabiloian sartzea. Era berean, ASKE antolakundeak salatu zuenez, Baskonia eta Maccabiren arteko partidua dela eta, polizia zelai inguruetan autoak gelditzen aritu zen.

(Argazkiak:La Haine eta Palestinarekin Elkartasuna)

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gK5Y