Principal |
Nacionales E.Herria :: 01/05/2025

Urgulleko Guardetxea okupatu du Donostiako AZGA-k

La Haine - Euskal Herria
Asanbladako kideek azaldu dutenez, “Udalak entzungor egiten jarraitzen duen bitartean, okupazioarekin aurrera segi eta Guardetxea auzolanean eraikitzeari” ekingo diote.

Hainbat egun eraikinean pasa ostean, atzo, Langileon Nazioarteko egunean, Donostiako eragile eta norbanakoen laguntzarekin batera Guardetxea okupatu dutela publiko egin zuen Alde Zaharreko Gazte Asanbladak. 13:30ak aldera, Parte Zaharretik etorri ziren 50 bat pertsona, eta Guardetxean ziren gazteek zabaldu zieten atea.

Asanbladako kideek azaldu zutenez, 2019. urtean, “Donostiako Udalak hainbat konponketa egiteko aitzakipean Cuardetxea itxi zuen, eta ordutik, 6 urte darama hutsik”. Eraikin hau, oso ezaguna da Donostian, 10 urteko erabilpen komunitario eta autogestionatua izan bitartean askotariko proiektuak loratu zirelako bertan; “ekitaldi kultural zein musikalak, aisialdi ekintzak, formakuntza ezberdinak, jaialdiak, eragile askoren bilerak, proiekzioak, zirkua, bazkari eta afari kolektiboak…”. Horregatik, erreferentziazko elkargune izan zen hiriburuko gazte eta kolektibo ugarirentzat eta, gazteek argi utzi dutenez, ez dute “turismora bideraturiko beste museo, arte edota exposizioetarako galeria bat irekitzerik nahi”.

Donostiako gazte eta kolektibo askoren beharrak “asetuko lituzke espazio honek” adierazi du AZGAk: “saretze eta parte hartze komunitarioa sustatzeko, bestelako aisialdi eredu bat garatzeko, formakuntzarako, eskualdeko musika eszena indartzeko, proiektu solidarioak sortzeko, euskara sustatzeko edota ekitaldi musikal zein kulturalak antolatzeko”. Horregatik, auzoko eragile ugarirekin batera, AZGAko kideak prest agertu dira Udal Gobernuarekin esleipen baldintzak adosteko.

Udala bere partetik, eraikina konpondu behar dela adierazi zuen baina urteotan, ez du konpondu. Urtarrileko udalbatzarrean, Ane Oiarbide Berdintasuneko, Elkartasuneko, Eskubide Zibiletako zinegotziak azaldu zuen oraindik birgaitze proiektua eskatu behar dela eta aldundiak baimendu egin behar duela, eta 50.000 euro aurreikusi dituztela aurten proiektua abiatzeko. Halaber, esan zuen gunearen kudeaketa lehiaketa publikora ateratzen dutenean ez dutela auzoko eragileentzat erreserbatuko.

Okupazioan, Alde Zaharreko gazteek espazio bat lortzeko borrokan egin duten ibilbidea oroitu zuten, Uxotegi eta Kijera Gaztetxea edota lehenago burutu ziren beste hainbat eraikinen okupazioak gogora ekarriz, eta, egoera hau, “auzoan dagoen zerbitzu eta ekipamendu publikoen gabeziarekin” lotu zuten. Era berean, “azken urteetan auzoan (eta Donostian) ematen ari den merkantilizazio prozesua” salatu zuten.

Esan beharra dago, hainbat aldiz okupatu duela Alde Zaharreko Gazte Asanbladak modu sinbolikoan eraikina, baina beti Udaltzaingoak gazteak kaleratu eta ateak itxi ditu. Okupazio honekin, Maiatzaren 1ean okupazio bat burutzeko Donostiako tradizioari jarraitu diote, izan ere, pasaden urtean, JARDUN Koordinadorak deituta, maiatzaren 1ean, ehundaka lagun mobilizatu ziren Donostian eta manifestazioa amaitu zenean Parte Zaharreko lokal bat okupatu zen.

(Argazkia:Xalba Ramirez)

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gL3O