Astelehenetik –maiatzak 5– aurrera, Tolosako udaltzainek su armak eramango dituzte, udalaren aurkako epai batek horrela behartuta. Hain zuzen, 2020ko ekainean, ERNE polizia-sindikatuak Udaltzaingoa su armaz hornitzeko eskaera egin zion udalari, baina honen isilune administratiboaren ondorioz, eskaera ez zen onartu. ERNEk, ordea, auzitara eraman zuen gaia, eta 2022ko urtarrilaren 27an, eskaera onartzen zuen epaia eman zen, Tolosako Udaltzaingoa su armaz hornitzera derrigortuz. Orduz geroztik, egin beharreko eginbideak eta formazioak egin dituzte, eta beraz, duela bost urte hasitako auzi bati amaiera emango diote.
Epai honen ondorioz, su armak eta munizioa erosi eta formazioak egin ez ezik, armategia sortzeko obra egin behar izan da eta, orotara, azken urteotan 90.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar izan du udalak.
Gipuzkoan bertan, aurretik ere eman zituen antzeko ebazpenak EAEko Auzitegi Nagusiak. Eibarren eta Zarautzen, udaltzain guztiak su armaz ez hornitzearen alde egin zuten udalek, baina horren kontrako kasazio helegiak jarri zituen ERNEk. Orduan ere polizia-sindikatuarekin bat egin zuen auzitegiak, eta udaltzaingoa armatzera derrigortu zituen udalak.