Principal |
Nacionales E.Herria :: 12/05/2025

2021eko liskarren harira, 12.000 euroko isuna jaso dute Legutioko hiru gazteek

Alea
Covid-19aren pandemiaren kontrako zenbait neurri indarrean ziren garai hartan eta, auzipetuek salatu dutenez, “argudio eta frogarik gabe" zigortu dituzte.

"Gizon bat atxilotu dute Legution bi ertzaini eraso egiteagatik, baimendutako ordutegia gainditu ondoren tabernak ixteko eskatu zutelako". Hori izan zen Arabako egunkari salduenean lerroburua 2021eko martxoaren 19an Legution bizi izan zutenaren inguruan. Gertakari haren ondorioz, joan den martxoaren 20an hiru bizilagunek 12.000 euroko isuna jaso zuten "desordena publikoa, autoritatearen aurkako atentatua eta desobedientzia" egotzita. "Bertsio ofizialaren" aldean, epailearen aurrean salatu ezin izan dutena Alea hedabideari kontatu diote zigortutakoek.

Covid-19aren pandemiaren kontrako zenbait neurri indarrean ziren garai hartan. Tabernek 20:00etan itxi behar zuten, eta 22:00etan etxeratzeko agindua zegoen. Aurreko asteetan bezala, Ertzaintzaren patruila bat neurriak betetzen ote ziren zelatan zegoen Carmen kalean. Handik aurrera ertzainek kontatu zutenaren oso bestelako kontakizuna egiten dute auzipetutako Andoni Mendinuetak, Erlantz Ortiz de Barronek eta Jon Muxikak, eta "Legutioko hainbat lagun" horren lekuko direla nabarmendu dute.

Hasieratik, ertzainak "oldakor" aritu zirela gogoratu du Urkiola tabernan musean jokoan ari zen Mendinuetak, tabernak itxi ezean salaketak jarriko zituztela mehatxu eginez ari zirela megafoniatik. Tabernatik atera, eta patruila herri erdigunera sartu zela ikusi zuten orduan. "Ezagutzen ez genuen lagun bati, herrikoa ez zen bati, identifikatzeko eskatu zioten, eta antza honek faborez euskaraz egiteko eskatu zien. Hori esan orduko, ertzainak kotxetik atera, eta lurraren kontra jarri zuten". Horrek egoera "tentsionatu" zuela gogoratu du Mendinuetak, eta zer gertatzen ari zen ikustera lagun ugari gerturatu zirela. "Egoera lasaitu eta herritarrei entzun beharrean, jarrera oldarkor horrekin erabat kontrakoa lortu zuten, atxilotu zutenarekin zer ostia gertatzen zen jakin nahi genuen". Giroa okertzen ari zela ikusirik, gertatu zitekeenarekin kezkatuta, herriko jendeari "lasaitzeko eskatzen" eta ertzainekin ere "hitz egiten saiatzen" izan zela azaldu du.

Zortziak eta pare bat minutu pasata, Dovela bere tabernan erratza pasatzen ari zela gogoratu du Erlantz Ortiz de Barronek, eta gertatutakoaz kezkatuta zer gertatzen zen ikustera hurbildu zela. "Giroa oso harrotuta zegoen. Ertzainen inguruan dozenaka lagun zeuden, terrazetako aulkiak eskuan asko, jaurtitzeko prest. Eta Andoni eta biok jendeari lasaitzeko eskatzen izan ginen. Ondo ikus daiteke hori auzokideek inguruko etxeetatik grabatu zituzten irudietan, ertzainei bizkarra emanez geunden, jendeari baretzeko eskatzen".

Liskar bete-betean, atxilotuta zuten lagunak ihes egin zien ertzainei, eta erdiguneko kaleetatik gora eta behera ibili ziren haren bila. Bigarrenez atxilo hartu, eta berriz ere ihes egin zien. Azkenerako, hamabost bat patruila ziren herrian. "Ostean, plazan ginela, hasierako ertzaina gerturatu zitzaidan, eta besotik heldu. Eskerrak ematera zetorrelakoan, aldiz, identifikatu, atxilotu zutena non zegoen galdetu, eta ni neu eraman ninduten atxilotuta Lakuara", gogoratu du Mendinuetak. Ortiz de Barronek handik astebetera jaso zuen bere tabernan akusatuta zegoen jakinarazpena, taberna jendez beteta zegoela, lau ertzainen eskutik. Hasieratik "neurriz kanpoko" jarrera erakutsi zutela salatu dute auzipetuek, eta nolabait "justifikatu beharreko bide judiziala prestatzen" ari zirela.

Auzipetutako hiru lagunen artean, Jon Muxikarena da beharbada harrigarriena. Kontatutakoaren arabera, etxean zegoen martxoaren 19ko gauean familiarekin, lagunekin bazkaria izan ostean, ez zen etxetik atera, eta hurrengo egunean jakin zuen gertatutakoa. Handik astebetera zortzi ertzainek etxeko ataria hartu, eta ihes egin zien laguna izatea leporatu zioten. "Esaten zidana benetan aurpegira esateko eskatu nion ertzainari. Flipatu nuen, ezin nuen sinistu. Eta baietz, ni nintzela". Irakaslea da Muxika, eta izan zuten jarrera irakasle batzuek dutenarekin parekatu du: "Umeak urduri daude, pandemia garaian jendea ez zegoelako lasai, eta halako jarrera autoritarioarekin etortzen da irakaslea; gaizki egiten du bere lana, laguntza eskatzera joaten da beste irakasle batzuengana, eta gaiztakeria nork egin duen ez dakienez, zuri tokatu zaizu".

"Aukerarik gabe"

Sei bat hilabetera deklaratu zuten hirurek, eta baikor atera ziren. "Instrukzio prozesuan ertzainek egin zuten deskripzioa nirearekin ez zetorren bat, eta, epaileak galdetu zidanagatik, pentsatu nuen hau ez zela aurrera joango. Beti duzu buruan zalantza, baina uste nuen inondik inora ez zela prozesurik izango", nabarmendu du Muxikak. "Gehien bat Jonengatik, baina uste genuen honek ez zuela aurrera egingo, emandako arrazoiengatik eta kontzientzia garbi genuelako", berretsi du Mendinuetak.

Afera atzean geratu zela uste zutenean, ordea, lau urte igarota heldu zitzaien epaiketarako deia. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen zuten bakoitzarentzat. "Haserre eta inpotentziaz" euren defentsak prestatzen hasi ziren, baina, prozesuan aurrera "aukera gutxi" zituztela esan zien abokatuak. Besteak beste, herritarrek grabatutako bideoak baztertu zituen epaileak "editatu eta manipulatu" zitezkeelakoan, Muxikaren mugikorraren geolokalizazioaren proba egiteko berandu ibili zirela eta telefonia konpainiak ezezkoa eman zuela argudiatu zuen epaileak, eta eraman zezaketen lekukoen kopurua dezente murriztu zuten. "Epaileak beste jarrera bat erakutsi izan balu, agian epaiketara joango ginen, baina defentsa horiek onartu ez zituela ikusita, onena negoziazio batera heltzea zela erabaki genuen", azaldu du Mendinuetak. "Abokatuak esan zigun moduan: zero arrisku egoteko, negoziatu. Eta azkenean onartzen ari gara gu errudun garela, noski, baina gure haserre eta kontraesan guztiekin hori erabaki genuen", gaineratu du Ortiz de Barronek.

Azkenik, bakoitzak 4.000 euroko isuna jaso du, baina gertatutakoa salatu nahi dute, eta epaile eta polizia eredu "autoritario eta korporatiboa" mahai gainean jarri. "Zure askatasunarekin jokatzen ari dira, eta inolako argudio edo frogarik gabe bi urte eta erdi eskatzen dizkizute. Ez zait buruan sartzen nola joan daitezkeen etxera lasai langile horiek; ondo zekiten gu ez ginela izan", salatu du Mendinuetak. "Tackleberryren antzera sartzen dira herrian, ez dute beraien lana behar bezala egiten, eta hori onartu eta alde egin beharrean, are egoera okerragoa sortzen dute", jarraitu du Ortiz de Barronek. "Herrian badakigu gure bizilagunak zaintzen, pandemian edo itzalaldi batean izan, badakigu neurriak hartzen. Eta horrela etorrita ez dute ezer lortzen. Herri guztiak ondo daki zer gertatu zen", azpimarratu du Muxikak.

Dozenaka lagun elkartu dira igandean, Legutioko herriko plazan, Andoni Mendinueta, Jon Muxika eta Erlantz Ortiz de Barron herrikideei elkartasuna adierazi, eta bizi izan duten "egoera bidegabea" salatzeko. 2021eko martxoaren 19an ertzainak "herritarrak mehatxatuz eta modu oldarkorrean" agertu zirela gogoratu dute, eta auziak izan duen bilakaera "sinestezina" nabarmendu. 12.000 euroko isuna jaso dute hiru lagunek "desordena publikoa, autoritatearen aurkako atentatua eta desobedientzia" leporatuta.

"Honen aurrean ezin gara isilik eta eskuak gurutzaturik geratu. Gure herrikideak errugabeak direla argi eta garbi dakigu", salatu dute kultur etxe aurrean irakurritako mezuan. "Polizia eredu autoritario eta korporatibo honekin nazkatuta gaude. Herritarren beharretara egongo den Polizia bat behar dugu". Era berean, honetan epaitegiek eta agintariek duten ardura ere nabarmendu nahi izan dute. "Begiak ixten dituzte, eta egiten uzten dute. Ertzaintza nork kontrolatzen du?". Beste zenbait gertakari ere izan dituzte gogoan; Donostiako Amaia Zabarte eta Tolosako Xuhar Pazosen gertakariak, besteak beste.

Hurrengo egunetan zenbait ekimen martxan jarriko dituztela aipatu dute, herrikideak ekonomikoki lagundu ahal izateko, isuna eta gastu judizialak ordaintzen laguntzeko. "Elkartasunez eta elkar zaintzaz jarraituko dugu herria egiten".

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gL4f