Gaur goizean, armagintzan sektorean interesak eta Israelekin harremanak dituen M-Torres nafar enpresaren atarian protesta egin dute Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek "bere konplizitatea seinalatzeko". Horretarako, kotxe batzuen bidez, enpresaren aurrealdea oztopatu dute, eta auto-ilarak sortzea lortu dute.
Nakba palestinarra gogoratzen da gaurkoan. 77 urte joan dira Israelen sorreratik eta palestinar herriarentzako horrek suposatu zuen sarraskitik. “Kolonizazioak, apartheidak eta garbiketa etnikoak ezaugarritutako 77 urte izan dira”, salatu dute. “Etengabeko Nakbaren testuinguruan, estatu sionistak ofentsiba areagotu du Palestina osoan. Gaza militarki erabat okupatzeko eta garbiketa etnikoa gauzatzeko plana onartu du”, gogoratu dute M-Torres enpresan egindako ekintzarekin. Plataformako kideen hitzetan, M-Torres “horren guztiaren konplize da”. Izan ere, Israelgo industria militarrarekin kolaboratzen du gerrarako hegazkinen ekoizpenean. Bestetik, salatu dute “Israelen existentzia Mendebaldeko enpresa, gobernu eta instituzioen konplizitateari lotuta” dagoela, eta Euskal Herrian ere “agente asko daude Israelekin kolaboratzen”.
Maiatzaren 17an, manifestazio nazionala antolatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñean, eguerdiko 12:30etan Golem zinemetatik abiatuko dena. Manifestazio horren helburua, ordea, ez da hondamendia gogoratzea soilik, momentu horretako exodoaren erantzuleak zein gaur egun Israel babesten jarraitzen duten instituzioak (enpresak, bankuak, gobernuak, alderdi politikoak…) seinalatzea baizik.