Atzo ASKE antolakundeak Amnistia Eguna burutu zuen Seperen (Lapurdi). Egunari hasiera eman zitzaion goizeko 11:00etan mahai inguru batekin. Horretan nazioartean poliziaren infiltrazioak jasan dituzten hainbat antolakundek pairatutako jazarpenaren inguruan hitz egin zuten; hala nola, Herrialde Katalanetako Endavant eta Espainiako Estatutik Poliziaren infiltrazioen inguruko eskuliburua idatzi duten Madrilgo Distrito 14 kolektiboko kide ohiak. Bazkari herrikoiaren ostean, 16:00etan bigarren mahai inguruari hasiera eman zitzaion. Horretan, Euskal Herriko eragile ezberdinetako kideek hartu zuten parte: Ipar Euskal Herriko U14 kolektiboko kideak, Iparretarrak-eko kide ohiak, Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak eta ASKE-ko militanteak. Bukatzeko 18:00etan manifestazioa egin zuten "Poliziaren bortizkeriaren aurrean Euskal Herri Langilea batu!" lelopean.
Mobilizazioa bukatu ostean, agiri bat irakurri zuten. Antolakunde antirrepresiboak salatu zuenez, azken urteotan, "poliziaren normalizazioa bizitzen ari gara Euskal Herrian, bere funtzio sozialaren gaineko salaketa egiteari utzi, eta polizia demokratikoaren gisako ereduak saldu nahi dizkigutelarik". Antolakundearen ustez, egoera honek poliziaren existentzia bera normalizatzeaz gain, "bere egiturazko funtzioa ezkutatzen du". Segidan, polizia kopurua gero eta handiagoa dela eta bere bitartekari errepresiboak indartzen ari direla salatu zuten: "Polizia mota guztiak formakuntzaz eta material militarrez hornitzen ari dira, bitartekari teknologikoetan etengabeko inbertsioak egiten ari diren bitartean". Egoera honen ondorioz, Euskal Herriaren okupazio militarraren handitzea aipatu zuten eta helburu argi bat duela azaldu zuten; "Euskal Herriaren zapalkuntza nazional eta soziala betikotzea".
Agiriari jarraipena emanez, Euskal Herri Langilearen bizi baldintzak kaskartzen ari direla salatu zuten, eta espainiar zein frantziar estatuen partetik antolakuntza politikorako eskubideak gero eta "urratuagoak eta kriminalizatuagoak" direla gehitu zuten.
Ondoren, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza ezin dugula frantziar zein espainiar estatuek "baliatzen duten makinaria errepresiborik gabe ulertu" azaleratu zuten eta hauek martxan jartzen dituzten neurri errepresibo guztiek "Euskal Herriko langile klasearen antolakuntza politikoa ekiditeko eta anulatzeko" helburua dutela adierazi zuten.
Egoera honen aurrean, Euskal Herrian ematen diren gertakari errepresiboei "osotasunean aurre egiten, eta horretarako beharrezkoak diren bitartekari politikoak" sortzera deitu zuten. Bide horretan, amnistia aldarrikatu zuten: "amnistia preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen askatasunetik haratago doan helburua da. Amnistiak gizartearen balore aldaketa suposatzen du, zeinak gaur kriminalizatuak diren borrokak eta borrokalariak bihar zilegituak eta babestuak izango diren, Euskal Herri Langilearen begietan. Hau da, amnistiak, unean uneko jazarpen kasuak salatzetik haratago, logika estrategikoa dauka, Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenari amaiera emango dion ezinbesteko helburua baita. Euskal Herriko independentzia eta sozialismoa egikaritzeko halabeharrezko baldintza, alegia".
Bukatzeko, norbanako zein eragile politikoei amnistiaren aldeko borrokan murgiltzera deitu zuten, hori egin ezean, "gure helburu politikoak gauzatzea ekidingo duen errepresioaren etengabeko salaketa hutsalean" murgilduko garela esanez. Honen harira, borrokak estrategia amankomun eta integral baten baitan txertatu behar direla azaldu zuten. Soilik horrek "mugimendu iraultzailea eraginkorra izatea eta gauzatzea" ahalbidetuko baitu.
POLIZIAREN BORTIZKERIAREN AURREAN EUSKAL HERRI LANGILEA BATU!