Fan Hemendik eguna egin dute Oñatin (Gipuzkoa), Guardia Zibilak herrian duen kuartelaren kontrako protesta modura, eta, modu orokorragoan, indar okupatzaileak Euskal Herritik joan daitezela eskatzeko. 12:30ean karro-poteoa egin zuten; 14:30etan, herri bazkaria; eta, 19:00etan, manifestazioa. Ehundaka pertsona bildu ziren herrian eta “alde hemendik, utzi pakean” edo “Euskal Herriak independetzia” oihukatu zuten, besteak beste.
Espainiako eta Frantziako indar armatuak Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntzaren adierazgarri nagusietakoak direla salatu dute Oñatiko Fan Hemendik Eguna antolatzen ari diren herritarrek. “Urte luzez gure lurretan nagusitasunez eta zigorgabetasunez modu bortitzean jardun dute eta oraindik ere beraien papera estatuen batasuna eta asimilazio prozesua bermatzea da, nazio eta klase zapalkuntza betikotzearekin batera”. Euskal herritarron etorkizuna modu libre eta demokratikoan ez erabakitzea lortu nahi dutela dio ekimenak, izan ere, haien presentziak ez daukalako “errepresioa eta estatuen batasuna bermatzea beste justifikaziorik”.
Nahiz eta ETAren borroka armatua iraganeko kontua izan, Euskal Herria dela Europako lurralde militarizatuena eta biztanleko indar armatu gehien dituena kritikatu dute eta horrek hainbatetan salatu dituzten “hilketak, torturak, mehatxuak, jarraipenak, kolaborazio eskaerak, errepidetako kontrol bortitzak eta giza eskubideen urraketa larriak” eragiten dituela. Amaieran, kontzertuekin borobildu zuten eguna.
(Irudia:Goiena)