Principal |
Nacionales E.Herria :: 18/06/2025

Elektrikari bat amiantoagatik hil zela ebatzi du Gasteizko auzitegi batek

Eneko Imaz Galparsoro
SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen eta 2019an hil zen behargina amiantoak eragindako minbizi batengatik.

Amiantoaren eraginez hil zen behargin bat aitortu du Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiak, auzitegi horretako epaile Ane Fadriquek ekainaren 4an kaleratutako sententzian ebazten duenez: sententzia horren arabera, SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen behargin bat amiantoak eragiten duen mesotelioma minbiziarengatik hil zen 2019ko otsailean. "Zuzenki edo zeharka amiantoaren eraginpean lan egiten zuen beharginak, eta horregatik harrapatu zuen gaixotasun hori", dio Fadriqueren ebazpenak.

Amintoagatik hildako elektrikaria Gasteizko udal galdarak konpontzeaz arduratzen zen, eta SIS Electricidad enpresarentzat 1999tik 2017ra lan egin zuen, Giroa enpresak azpikontratatua. Gasteizko Txagorritxu ospitalearen txosten batek ohartarazi zuen 2019an hildako beharginak "amiantoz estalita" zeuden galdarekin lan egiten zuela, baina Osalanek eta Lan ikuskaritzak ebatzi zuten "ezin zela berretsi amiantoaren eraginpean" lan egiten zuela.

GSIN Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ere ez zuen onartu elektrikariak harrapatutako gaixotasuna "gaixotasun profesional" gisa aitortzea, "gutxienez amiantoaren eragina gaixotasuna harrapatu baino hogei urte lehenago" gertatu behar baita, hori gezurtatzen duten ikerketak egin badira ere. Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiaren sententziaren ondorioz epaiaren gastu judizialak ordaindu beharko ditu GSINk, Mutua Asepeyorekin batera.

Amiantoaren biktimek neurriak hartzea exijitu diote enpresari

Asviamie begi onez hartu du Gasteizko auzitegiak ebatzitako sententzia, amiantoak eragindako gaixotasunekin izaten den "isilpeko estrategia negazionista" hausten baitu. Horrez gain, elkarteak enpresei "neurri gogorrak" ezartzea exijitu die amiantoak eta beste substantzia kantzerigenoek eragindako gaixotasunak saihesteko, "lan istripuek baino biktima gehiago" eragiten baitituzte: "Lehenago edo beranduago, arriskuen aurrean ez ikusiarena egiten duten enpresek kalte ordainak ordaindu beharko dituzte eragindako kalteengatik".

https://www.argia.eus/albistea/elektrikari-bat-amiantoagatik-hil-zela-ebatzi-du-gasteizko-auzitegi-batek

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gL8Y