Principal |
Nacionales E.Herria :: 18/06/2025

Desokupacyl enpresa Donostian dago

Irutxuloko Hitza/La Haine
Hirian etxe bat erosi du taldeko buruak, eta bertan bizi zen jendea etxegabetu ondoren, pisuarekin negozioa egingo duela adierazi du.

Desokupacyl desokupazio taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo Tik Tok sare sozialean, lau kide Donostian zeudela esanez. Bideoa, Kontxan grabatuta dago, eta okupatutako etxeak erostera bultzatzen du bertan taldearen buruak: azaltzen du hiriburuan etxe bat erosi duela berak, eta ulertzera ematen du, bertan bizi zen jendea kanporatu eta etxegabetu ondoren, pisuarekin negozioa egin eta are garestiago salduko duela.

“Hemen erosi nuen pisuaren salmentaren azken tramitea egitera etorri gara. Egia esan dirutxo on bat irabazi dut, 99.000 euroko txeketxo bat hartu berri dut”, dio buruak: “Jaunak, Espainia osoa animatzen dut okupatutako edo enbargatutako etxeak erostera. Mutilak, hasi da festa Donostian”. Bideoa amaitzeko, enpresa faxistako matoi guztiak ageri dira agur faxistari keinu egiten dion agur bat egiten eta gaineratzen dute bitartean: “Okupa jaunak, kanpora”.

Bideoan hizketan ari den Nuñez da talde parapolizialeko burua, eta bera ageri da zuzendari modura Desokupacylen legezko agirietan. Enpresa horrek “segurtasun zerbitzuak” eskaintzen ditu teorian, baina, errealitatean, bere jardunik ohikoena da etxegabetzeak gauzatzea eta zorrak kobratzea.

Aurtengo urtarrilean atxilotu zuten Nuñez, Valladoliden, Galiziako Monforte de Lemos herrian izandako gertakari batzuei lotuta. Bikote bati diru kantitate bat kobratzeko kontratatu zuten bertan Desokupacyl, baina etxez nahastu ziren, eta beste pertsona bat jazarri zuten. Salaketa bat jarri zien berak, eta “beldurtzeko metodoak” erabili izana leporatu zioten taldeari.

Azken urteotan, beste leku batzuetan baino polikiago bada ere, ugaritu egin dira Euskal Herrian eta Gipuzkoan talde parapolizial hauen esku hartzeak. Egian, adibidez, okupatzen ari ziren bi gazteren kontra egin zuen enpresa horietako batek. Bizilagunek, ordea, etxegabetzea gelditzea lortu, eta ez ziren berriro ere itzuli.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gL8Z