Gaur goizean, emakume bat eta haren semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharrean. Jarauta kaleko 82. zenbakian bizi ziren biak eta etxegabetzeko agindua emana zuen atzo Iruñeko epaitegi batek, baina prozesua eten egin zuten. Hala ere, gaur, 06:45ean Espainiako Poliziako eta Udaltzaingoko agenteak bertaratu dira atzorako aurreikusita zegoen etxegabetzea egiteko. Inguruko kaleak itxi dituzte, eta hainbat pertsona identifikatu dituzte.
Ohar baten bidez, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi du etxegabetzea aldez aurreko jakinarazpenik gabe egin dela eta, beraz, ilegala dela. Jakinarazi dutenez, epaitegiko ordezkariek ez dute onartu negoziaziorik eta ez dute erakutsi etxegabetze agindua. Horren aurrean bizilagunek beren borondatez ateratzeari uko egin diote, baina indar errepresiboek atera egin dituzte. Etxegabetzea prozedura azkar batez egin dela salatu dute sindikatutik, “desahuzio expressaren” lege gisa ezagutzen den 5/2018 Legea aplikatuz. Horrek babes juridikorik gabe uzten duela familia.
Emakumea eta bere semea 2024ko amaieratik egon dira alokatuta Jarautako etxebizitza horretan, baina iruzur baten biktima izan dira. Etxea alokatu zien pertsona ez zen etxebizitzako jabea, eta egoeraren berri izan zuenean benetako jabeak salaketa jarri zuen epaitegietan.
Azken hamar egunetan Iruñeko Alde Zaharran gauzatu duten bigarren etxegabetzea izan da gaurkoa. Iragan asteazkenean, ekainaren 11n, 57 urteko emakume bat etxegabetu zuten San Lorentzo kalean.
(Irudia:Ahotsa)