Euskal preso politikoei ongietorriak antolatzeagatik auzipetutako Ezker Abertzaleko sei kideak ez dira espetxera joango, Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzarekin eta akusazioekin( PP, Dignidad y Justicia eta AVT) akordioa erdietsi ostean. Antolatu zituzten ekitaldiekin "biktimak umiliatu" eta horiei "kalte psikologikoa" eragin zietela aitortu dute auzipetuak.
Kalera Kalera ekimenaren barruan 2016 eta 2020 urteen artean 120 ongietorri ekitaldi antolatzeagatik epaitu dituzte astelehen honetan eta bi urteko espetxe zigorra ezarri diete. Zehazki, sei hilabeteko zigorra eta isuna ezarri diete biktimen umiliazio eta terrorismoaren gorazarre delituagatik, eta urte eta erdiko espetxe zigorra eta inhabilitazioa talde kriminal bat zuzentzeagatik. Horrez gain, hiru urteko inhabilitazio berezi bat hezkuntzan aritzeko, eta Kalera Kalerari lotutako materiala auzitegiaren esku geratuko da: Kalera Kalera-ren webgunea eta Kalerainfo aldizkari zein horiei lotutako sare sozialetako profilak ixtea adostu dute.
Hala ere, espetxe zigorra bertan behera geratu da. Trukean, akusatuek konpromisoa hartu dute "indarkeriaren erabilerari lotutako" ekintzetan zein "ETAren biktimak umiliatu" ditzaketen edo "ETAren gorazarre egin" dezaketen ekimenetan parte ez hartzea.