Principal |
Euskal Herria :: 26/06/2025

Arcelor Mittaleko eta Billabesako langileek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

La Haine - Euskal Herria
Apirilean jakinarazi zuen enpresak Legasako eta Aguraingo lantegietan 40 langile kanpora bidali nahi dituela. Bestetik, Billabesa gidariek hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrera egin nahi dute.

Arcelor Mittalek Agurainen (Araba) eta Legasan (Nafarroa) dituen faktorietako langileen batzarrek "ia aho batez" erabaki dute greba mugagabea hastea uztailaren 1etik aurrera, apirilean iragarri zuten enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) salatzeko. Espediente horren ondorioz, 40 langile kaleratuko dituzte gutxieneko kalte-ordaina emanda eta Legasako lantegia itxiko dute. ELA sindikatuaren arabera, “prozesu osoan agerian gelditu da enpresa ez dela gai izan arrazoiak justifikatzeko. Aurkeztutako dokumentazioa ez da nahikoa izan beraien asmoak eta espedientearen beharra esplikatzeko. Beraien inkoherentziak maiz gelditu dira agerian”.

Bestalde, Billabesako gidariek ere greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera. Billabesa Iruñerrian dagoen hiriko autobus sarea da eta gaur egun TCC MOVENTIS enpresak zerbitzua kudeatzen du. TCC MOVENTIS enpresako Enpresa Batzordeak salatu du enpresako zuzendaritzak ez duela hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrera egiteko benetako proposamenik egin. Enpresak ustezko eskaintzak aurkeztu ditu, beteko ez direla dakiten edo egiaztatu ezin diren baldintzen araberakoak. “Hau ez da negoziatzea: akordioa kontzesio faltsuen bidez blokeatzea da”, salatu dute langileek. Negoziazioan aurrerapausorik eman ez denez, langileek greba mugagabea hasi behar izan dute uztailaren 1etik aurrera, San Fermin jaietako zerbitzuari eraginez. Batzordeak ulermena eskatu die herritarrei, eta gatazkaren erantzukizuna enpresarena baino ez dela adierazi du.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gL9G