Principal |
Nacionales E.Herria :: 04/07/2025

Lapurreta egin dute Hendaiako Enbata gaztetxean

Aimar Lopez
Gaztetxean zegoen dirua eta soinu materiala ebatsi zuten, baita leiho bat hautsi eta janaria kaltetu ere.

Astearte arratsaldean ohartu ziren Hendaitz gazte asanbladako kideak aitzineko egunetan Enbatan lapurrak ibili zirela, bilkura batera bertaratu eta dena hankaz gora ikusi zutelarik. Irungo bestak izanik, premeditazio gutxiko eraso bat izan zela pentsatzen dute Enbatako kideek, Larrun Aranzabalek azaldu duenez.

Ehunka euro eta kontzertuetan soinua nahasteko erabiltzen den iPad bat lapurtu zituzten, kideek egin duten behaketaren arabera. Ohoinek gaztetxeko biltokira ematen duen leiho bat hautsiz lortu zuten sartzea, eta hor ere desmasiak badira. Bestalde, armairu guztiak hankaz gora uzteaz gain, hozkailu eta izozkailuak ere irekiak utzi zituzten, eta hartaz, bertan zeuden hainbat kilo janari bota behar izan dituzte. Orotara, 1.000 euro baina gehiagoko kalteak neurtu dituzte Enbatan lapurretaren ostean.

Hori ikusirik, erasoa salatzeko beharra ikusi dutela gehitu du Garazi Puy Enbatako kideak. Hala, gaur arratsaldean biltzeko deia egin dute, Gaztelu Zaharreko biribilgunean, 18:30ean. Ondotik, pintxo potea eginen dute gaztetxean, “giroa hobetu” eta diru galerak goxatzen saiatzeko.

Mota orotako erasoak, nonahi

Joan den asteburuko erasoak motibazio politikorik izan zuen zehaztu ezin badute ere, gaztetxe baten aurka egiteak beti badu politikotik, Aranzabalen hitzetan. Hala, Enbatak ez ezik, Irungo Lakaxitak eta Moskuko gaztetxea izandakoak azken hilabeteetan jasandako eraso faxistak oroitarazi ditu, baita “Euskal Herri osoan” beste hainbat gazteen bilgunek ere “Herriko Etxeen aldetik” edo “ideologia faxistadunen partetik” izaten dituzten traba eta mehatxuak ere.

Hain zuzen ere, 2022ko udan, Hiri Bestaren ondotik Hendaiako Herriko Etxeak Sud Ouest kazetaren bidez gaztetxearen “irudia zikintzeko” kanpaina bat arbuiatu zuten dozenaka gaztek Enbatan. Lehenago ere, Sasiko gaztetxeak bi lapurreta jasan zituen.

Enbata gaztetxeko lapurreta salatzeko elkarretaratzea deitu dute arratsalderako - Hendaia - Antxetamedia.eus

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gL9j