Principal |
Nacionales E.Herria :: 15/07/2025

Euskara larrialdi egoeran dago Hego Euskal Herrian

La Haine - Euskal Herria
Hamar urteren bueltan euskararen ezagutza maila apalagoa aurreikusten da eta erdara izango da nagusi. Era berean, behera hasiko da biztanle euskaldunen ehunekoa Nafarroan.

Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorioak aurkeztu dituzte uztailaren 10ean, Andoaineko Martin Ugalde kultur parkean. Finean, 1960ko hamarkadatik XXI. mendearen hasierara arte euskara biziberritu zen bezala, orain, berriz ere atzeraldian sartu garela ondorioztatzeko datuak plazaratu dituzte.

Ikerketan berretsi du, lehen beste datu eta ikerlan batzuek esandakoaren bidetik, euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Hainbeste, hamaika urte barru ez baitu ia arnasgunerik ere izango. Euskararen erabilera datuei erreparatuta, %60tik gorakoa duten udalerriak arnasgune izendatzen dira. Horien barruan arnasgune beteak dira %80koa gainditzen duten udalerriak. Siadecoren lanaren arabera, ez da horrelakorik geldituko 2036an. Eta arnasgune erasanak ere, erabilera %60-%80 izaten da horietan, desagertze bidean egongo dira: biztanleen %0,2 besterik ez da biziko eremu horietan. Orokorrean, arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991. urtean; %2,9 ziren 2021ean; eta %0,2 izan daitezke 2036an. Horrela, proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara.

Bestetik, haurren eta gazteen artean atzerapauso argia aurreikusten da, eta azken hamarraldietako lorpen handienetakoa kolokan geratuko da (belaunaldi berrien euskararen ezagutza). Hego Euskal Herriko biztanleria euskaldunak adinean gora eginen du, eta adin txikikoen partea, berriz, apalduko da, jaiotze tasa apalarengatik, besteak beste. Apalduko da euskaldunen pisua adin tarte gazteenetan: 2021ean, Hego Euskal Herriko 2 eta 14 urte arteko haur eta gazteen %69,8 ziren euskaldun; proiekzioaren arabera, 2036an %62,3 izanen dira. Ondorioz, Hego Euskal Herriko biztanleria euskalduna “zahartu” egingo da.

Hau guztia gutxi balitz, Nafarroan, behera hasiko da biztanle euskaldunen ehunekoa: %12,1 ziren 2001ean; %14,9 2021ean; eta %11,8 izango dira, proiekzioaren arabera, 2036an. Hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan igoerari eutsi egingo zaio oraindik, populazio orokorrean: biztanleen %32,6 ziren euskaldunak 2001ean; %43,3 2021ean; eta, proiekzioaren arabera, %48,3 izango dira 2036an.

2011tik 2036ra bi puntu apalduko da etxean nagusiki euskaraz aritzen direnak: %11,6tik %9,7ra. Euskara eta gaztelania, bi hizkuntzak antzeko neurrian erabiltzeko joera areagotu egin da iragan urteotan, eta goraldian jarraituko du: 2011n, %6,8 ziren; 2021ean, %10; eta 2036an %12,2 izango dira. Euskararen etxeko erabilerak batez ere Nafarroan egingo du atzera. Nagusiki etxean euskaraz egiten zutenak biztanleriaren %5,6 ziren 2001ean; %4,2 2021ean; aurreikuspenaren arabera, %3,1 izango dira 2036an (22.667 hiztun).

Egoera gero eta larriagoa Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriari dagokionez, zifra batek da hobekien islatzen duena larrialdi linguistikoa, hau da pasaden urtean egindako azken inkesta soziolinguistikoak utzi ondoko datua: azken urteetan balore absolutuan euskal hiztun kopurua mantendu bada ere, proportzioan beheititzeak segitzen du, eta 2021ean populakuntzaren %21,1 bakarrik zen euskalduna (eta Euskararen Erakunde Publikoak egin prospekzioen arabera tasa hori %16koa litzateke 2050ean). Datu kezkagarri horri gehitu behar zaio euskararen erabilera ere jausten ari dela, besteak beste hiztunek duten euskara mailagatik.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gM0D