Principal |
Nacionales E.Herria :: 19/07/2025

11 euskal preso politiko eta 100 preso ohiek Ongi Etorrien kriminalizazioa salatu dute

La Haine - Euskal Herria
Sinatzaileek azaldu dutenez, bakearen izenean egindako akordioa "Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokaren kriminalizazioa eta etsaiaren egiaren inposizioa" suposatzen du.

Joan den hilabetean, Ezker Abertzaleko sei kideri 2 urteko kartzela-zigorra ezarri zizkieten, 120 "ongi etorri" antolatzea egotzita. Auzipetuek Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzarekin eta akusazioarekin ( PP, Dignidad y Justicia eta AVT) akordioa erdietsi zuten eta antolatu zituzten ekitaldiekin "biktimak umiliatu" eta horiei "kalte psikologikoa" eragin zietela aitortu zuten. Akordio horren ondorioz, militante batzuk kondenatu zituzten lehen aldiz "ongi etorriak” antolatzeagatik, orain arte salaketa horren pean epaitutako pertsona guztiak absolbitu egin baitziren. Akordio horren harira, ASKE antolakunde antirrepresiboak komunikatu  bat igorri zuen, "ongi etorrien" kriminalizazioa eta akordio horrek eragiten zuen aurrekaria salatuz.

Gaurko egunean, 11 euskal preso politiko eta 100 preso ohien izenean hartu dute hitza Arrasaten egindako prentsaurreko batean. Preso sinatzaileek salatu dutenez, nabariak izaten ari dira "askapenaren bidean", hau da, "Euskal Herri independente eta sozialista baten eraikuntzari begira ematen ari diren atzerapausoak". Haien ustez, ez dira berriak frantziar eta espainiar estatuek "euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen elkartasuna errotik mozteko sustatzen duten kriminalizazioa zein aurrera daramatzaten debekuak". Hala ere, azken urteetan estatuek emandako pausoak ezin direla neurri juridiko hutsal gisa ulertu adierazi dute, "estatuok Euskal Herriak bere askapen prozesuan zapalkuntzari aurre eginez eramandako askapen borrokaren zilegitasuna ukatzen jarraitzeko pausoak baitira". Dokumentua izenpetzen duten preso politiko eta preso ohien hitzetan, "zapaldutako herri baten askatasun egarria ito" eta "izaera kriminaleko" aldarrikapen gisa kokatu nahi dute eta "Euskal Herriaren azpirazioa betikotzea" helburutzat izango lukete.

Era horretan, ongi etorrien aferaren inguruan erdietsitako azken akordioak "borreroen egia geure egin, eta jazarpenean tematuta daudenen ateak parez pare ireki nahiz honetan murgiltzeko baldintzak erraztu" dizkiela esan dute, "bai maila juridikoan, bai ideologikoan zein diskurtsiboan". Segidan, etorkizuneko Euskal Herriaren aldeko borrokaren zilegitasuna auzitan jarri dela azaldu dute: "Euskal Herriaren bakearen bidean egindako akordiotzat saldu duten horrek Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokaren kriminalizazioa eta etsaiaren egiaren inposizioa suposatzen du. Hain zuzen ere, gu bezala Euskal Herriarengandik elkartasuna jaso dugun milaka eta milaka militante politikoren borrokaren zuzentasuna auzitan jartzen duena".

Horrenbestez, "kezkaz eta larritasunez" bizi dutela "bakearen izenean" ematen ari diren ustezko pausoak frantziar zein espainiar estatuen jazarpena elikatzen egotea eta askapen borrokak dirauen bitartean, estatuen "jazarpena eta honetatik eratorritako ondorio errepresiboen areagotzea" emango dela azaldu dute. Bukatzeko, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen sostengu eta elkartasunaren aurkako kriminalizazioari begira emandako aurrerapausoa salatu eta euren militantzia politikoaren ondorioz jazarritakoekiko elkartasuna indartu eta Euskal Herriaren askapen borrokan murgiltzeko deia luzatu dute.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gM0S