Israeli Boikot ekimenak bere fruituak ematen jarraitzen du: Sestaoko Open Basque Country xake lehiaketan parte hartzekoak ziren zazpi israeldarrek uko egin diote txapelketari. Erabaki hori ez da protestarik barik heldu, zazpi jokalari horien parte hartzea jakinaraztearekin bat, protesta sendoak izan baitira beren parte hartzearen aurka, Sestao-Palestina elkarteak deituta. Sestaoko Xake Klubak, txapelketaren antolatzaileak, hasieratik eskatu zien ez parte hartzeko Israelgo jokalariei, edo, behintzat, banderarik ez erabiltzeko: eskaera horri muzin egin zioten jokalariek. Baina orain parte ez hartzea erabaki dute, gizarte presioaren ondorioz.
Gaur hasi eta datorren ostiralera artean jokatuko da Sestaoko Xake Klubak antolatutako txapelketa. 40. edizioa du aurten, eta polemikaren baitan ospatu du urteurrena. Izan ere, zazpi israeldarrek eman dute izena aurtengo edizioan. Antolakuntzak eskatua zien ez parte hartzeko, edota, parte hartzekotan, banderarik barik egiteko, "Israelek giza eskubideen aurka egiten duen urraketak" salatzeko ; zazpiek uko egin zioten eskaerari.