"Dena Blokatu” murrizketen aurka deituriko protestetan, hainbat mobilizazio antolatu zituzten irailaren 10ean Estatu frantsesean eta Ipar Euskal Herrian. Barne Ministerioak 80.000 polizia mobilizatu zituen eta, hainbat hiritan bezala, bortizki erantzun zien Baionako manifestariei.
Sei herritar atxilotu zituzten Baionan eta horietatik hiruk atxiloaldian segitzen zuten irailaren 11ko eguerdian. Arratsaldean Baionako epaitegira eraman zituzten 45, 30 eta 19 urteko militanteak, eta epaileak erabaki zuenez, astelehenean berehalako epaiketa izanen dute horietako bik. Epaiketa bitartean biak preso sartzeko eskatu du Baionako prokuradoreak, baina kontrol judiziala ematea erabaki du epaileak. Frantziako Estatuko lurraldetik ateratzea, manifestazioetan parte hartzea eta soinean arma bat eramatea debekatu die. Errebolta delituagatik eta arma zuriak eramateagatik auzipetuko dituzte. Hirugarrena heldu den urtarrilean epaituko dute Baionako auzitegian.
Errepresioa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian, Baionako polizia etxearen aurrean, bertan atxilo izan zituzten hiru pertsonak aske uztea exigitzeko. Arratsaldean, berriz, Baionako auzitegira eraman zituzten atxilotuak eta bertan ere errepresioa salatzeko protesta egin zuten hainbat herritarrek. Auzitegiaren aurrean deituriko elkarretaratzean parte hartzen ari zela, beste pertsona bat atxilotu zuten.