Euskararen aurkako beste epai bat atera du Donostiako administrazioarekiko auzien 1 zenbakidun epaitegiak. Epaitegiak bazter utzi du Donostiako Udaleko mugikortasun agenteak egonkortzeko lan deialdiko eskakizunetako bat, langileek euskarazko B2 maila izatea zehazki. Guztira, bederatzi lanpostu dira. Erabaki honen ondorioz, mugikortasun agente izateko ez da beharrezkoa euskaraz jakitea, mugikortasun agenteak langile publikoak izanik ere.
Dirudienez, funtzionario batek jarri zion helegitea bederatzi lanpostuko egonkortze prozesuari; euskara eskatzen zuten lanpostu guztietarako. Langile hori, egonkortze prozesutik kanporatu zuten, euskarazko B2 eskakizuna betetzen ez zuelako.
Azkenaldian, Hego Euskal Herrian antzeko epai asko atera dituzte epaitegiek, hain zuzen ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurretik ateratako hainbat epairi erreferentzia egin die Donostiako epaitegiak bere sententzian, aldeko jurisprudentzia dagoela esanez.