Principal |
Nacionales E.Herria :: 23/09/2025

“Aroztegiko epaian desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu"

Euskalerria Irratia
Elkartasun kanpaina antolatu dute Aroztegiko auzipetuen isunei aurre egin ahal izateko.

Pasa den ostiralean ezagutu genuen Aroztegiko lanak gelditzeagatik auziperatutako zazpi baztandarren kontrako epaia. Ebazpenak argi ilunak ditu, talde kriminala osatzeagatik ezarri nahi zitzaien zigorra ekidin delako baina isun altuak ezarri dizkie zazpiei. Elkartasun kanpaina antolatu dute hauei aurre egin ahal izateko.

“Desobedientzia zibila ez da delitua”, berretsi du Aroztegiako auzipetuei laguntzeko plataformak epaia ezagutu ondoren. Hilabetetako mobilizazioaren balioa azpimarratu dute, bizi osorako kondena ekonomikoa edo espetxeratzeak saihestu ahal izateko. “Etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak saihestu dugu” azaldu dute, “Bertze behin ere, fiskalaren laguntza izugarria izan badute ere, haien joko zelaian arrakala sortzea lortu dugu. Sententzia hau mobilizaziorik gabe ez zen lortu izanen borrokatzeak eta protestak balio duela berresten dugu beraz”.

Hala ere, poza ez da erabatekoa Baztan aldean auziperatutakoek azaldu bezala: “Prozesu guzi hau barrabaskeria galanta izaten ari da; denen lurra defendatzeagatik bortxa eta derrigortze delituengatik kondenatzea, milaka euroko kalte-ordain eta 62.000 euroko isuna pagatzera kondenatzea ez da bidezkoa ezta onargarria ere”. Zentzu honetan, Aroztegiko makroproiektu urbanistikoaren arduradunei erreparatu diete; “Ez da bidezkoa makro proiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek, inolako ondoriorik jaso ez eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik zigorrak pairatu behar izatea”.

Izan ere, Aroztegiko elkartasun taldeak gogoratu duenez, proiektua oraindik ez dago erabat gelditua. “Erantzuleei behin betiko bertan behera uztea eskatzen diegu. Gaur hemen bildurik, berriz ere baieztatzen dugu gure konpromisoa: Aroztegia geldituko dugu, eta gure herriaren alde segituko dugu lanean, tinko eta elkarrekin”.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gM6D