Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak berriz ere bere arrengurak eta kexua plazaratu ditu irailaren 27an Baionan. Taldeko lau militantek Pirinio Atlantikoetako Baionako eraikinean “Euskaraz bizi nahi dugu” erranaldia margotu dute. Frantziako poliziak atxiki zituen goizean berean. Nahi izan dute salatu euskararen alde ari diren egiturek finantzamendu beharretan direla.
Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) begira lehenik, EHEkoek salatzen dute aitzinkondu berria %65 emendatzea aitzinikusia zela baina Departamenduko agintariek Parisen presio egin dutela halako emendatzerik ez izateko eta erdietsi dute, EEPren aitzinkondua %10 baizik ez igaitea.
Bestalde, EHEk gaitzesten du ere Estatu frantsesak agintariek, Euskal Kultur Erakundearen diru laguntzak %15 murriztuko direla, diru laguntza hauek 2005etik honat ez dutelarik emendatzerik izan. Murrizketa horrek erakundea bera arriskuan ezartzen du.
"Frantses Estatuko agintariak euskararekiko beti bezala itxurakerian ari direla eta euskaldunak bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituztela erakusten digu guzi horrek".
Abenduaren 6an, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak Durangon eginen du manifestaldi haundia, eta euskaltzale independentista guziak parte hartzera gomitatzen ditu.
Departamenduak ezin du EEPren finantzamendua emendatu
Ekintzaren bezperan, buruilaren 26an, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako buruak hitza hartu zuen bere aitzinkonduaren egoera txarra azaltzeko. Eta argi utzi zuen, EEPren finantzamenduan duen partea ez zuela ttipituko departamenduak, gehituz aldiz ezin zuela emendatu.