Bigarren porrot judiziala bildu du Lizarrako UPNko alkateak aste bakarrean. Puyko jaitsierako 27 auzipetuen kasua artxibatzeko agindua eman baitu Lizarrako Auzitegiak. Raimundo el Canastero taldeko bost kideak absolbitu zituen epaileak berak ondorioztatu duenez, protestak ez zuten ordena publikoan kalte larririk eragin; eta are gehiago, Puyko jaitsiera jai giroko ekimena izateaz gain, "tradizionalki aldarrikapenerako eta agintarien aurrean kexak adierazteko espazioa dela" argudiatu zuen epaileak.
2024ko abuztuaren 2an bi mila pertsona manifestatu ziren Lizarran Marta Ruiz de Alda alkateak Lizarrako txoznak debekatzeko harturiko neurriaren kontra. Mobilizazioaren ondotik ehunka pertsona bildu ziren Puyko jaitsieran, protesta egiteko. Josu Dufur auzipetuak azaldu duenez, mobilizazio horren ondotik, "ehunka pertsona bildu ginen espontaneoki Bajadikako momentuan, iraganean beste belaunaldiek ere egin izan duten bezala. Kalean 500 pertsona inguru izanen ginen, eta dantzariak jaitsi zirenean bidea ireki genien. UPN eta PSN alderdietako zinegotziek, ordea, udaletxera polizia autoetan joateko hautua egin zuten. Une horretatik aurrera, haien kontakizun biktimista abiatu zuten, haien hedabideak martxa jarri zituzten, eta haien abokatu ultrak sare sozialetan mehatxuak zabaltzeri ekin zion".
Raimundo el Canasteroren auzian bezala, Garazi Uriarte eta Libertad Frances izan dira defentsaren abokatuak. Uriartek azaldu duenez epaileak ez du delitu zantzurik ikusi Bajadikako protesta ekimenean, besteak beste, «izaera espontaneoa» zuen ekimena izan zelako eta Bajadikako unea «tradizionalki aldarrikapenerako eta agintariei kexak adierazteko espazioa» delako. Gainera, abokatuak azaldu duenez, «akusazioak ez du auzipetu bakoitzari dagokion delitu-egitate zehatza zehazten, eta argazkietan ez dira salatzen diren gertakariak ageri». Hala ere, defentsak ohartarazi duenez prozesua ez da erabat itxia. Izan ere, akusazio partikularrak edota fiskaltzak helegitea aurkeztu lezakete oraindik ere.
2024ean ez ezik, joan den Lizarrako jaietan ere ehunka lizarratar elkartu ziren Puyko Bajadikako unean, txoznen aldarria plazaratzeko. Aurten ere, ekimena bertan behera uzteko deliberoa hartu zuen Marta Ruiz de Alda alkateak, eta beste hautetsiek ez bezala, udaletxera autoz jaitsi zen.