Principal |
Nacionales E.Herria :: 09/10/2025

Greba orokorra deitzeko "beharra" aldarrikatu du Palestinarekin Elkartasunak

Euskalerria Irratia
Palestinarekin Elkartasunak deia egin die Euskal Herriko sindikatuei eta langile batzordeei "urriaren 15eko lanuztea greba orokor bilakatzeko edo beste egun batean deitzeko".

Joan den asteburuan 50.000 pertsona bildu ondotik, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deia egin die orain Euskal Herriko langileei, sindikatuei eta enpresa-batzordeei datorren urriaren 15eko lanuztea greba orokor bilakatzeko, edo beste egun batean antolatzeko, Palestinaren aldeko elkartasuna indartzeko eta Israelen aurkako presioa areagotzeko.

Plataformako kideek zorionak eman dizkiete joan den larunbateko manifestazio jendetsuan parte hartu zuten hamar milaka norbanako, eragile eta kolektiboei. Azaldu dutenez, «Iruñeko kaleak txiki gelditu ziren, palestinar erresistentziaren aldeko uholdearen parean». Haatik, presioa areagotzea beharrezkoa dela nabarmendu dute gaur goizean egin duten agerraldian. Horregatik, datorren asteazkeneko hiru edo lau orduko lanuztea greba orokor bihurtzeko —edo datozen asteetan antolatzeko— deia egin diete sindikatuei eta Euskal Herri osoko langile batzorde guztiei.

Halaber, eskaera horrekin batera, grebaren ardatz izan beharko luketen gutxieneko aldarrikapenak ere mahaigaineratu dituzte: Palestinako lurralde osoaren deskolonizazioa; entitate konplizeen seinalamendua; Israelekiko harreman ororen etetea; eta palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea.

Nolanahi ere, datorren asteazkenean borrokarekin bat egiteko eta egun osoko lanuzteak lehenesteko deia egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformak: «Euskal Herrian ekoizpena geldiarazteak eta kaleak blokeatzeak Israel isolatzeko beharrari ekarpena egingo dio. Horregatik, sindikatuei eta Palestinaren aldeko talde guztiei eskakizun honekin bat egin dezaten eskatzen diegu. Horrekin batera, urriaren 15a lanuzte soilean gelditzen bada ere, Israelek Euskal Herrian dituen konplizeek sionismoarekin harreman oro eten dezaten presio egiteko mobilizatuko garela adierazten dugu».

Bururatzeko, Gazako gobernuburuak eta Israel adostu duten hitzarmenaren lehen fasea «berri ona» dela eta «palestinar herriaren garaipena» dela uste duten arren, euskal gizarteari galdegin diote ez dezala baretu Israelen aurkako presioa, «palestinarren indar korrelazioa eta negoziazio gaitasuna, Israel sostengatzen duten herrialdeetako gobernu eta enpresen aurkako presioaren araberakoa delako».

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gM7h