Principal |
Nacionales E.Herria :: 20/10/2025

Urriaren 12-a, amorrutik harrotasunera

Kai Karasatorre
ASKE Antolakundeko kidea den Kai Karasatorrek Urriaren 12-ko gertakarien harira idatzitako iritzi artikulua.

Guztion ahotan dabiltza pasa den igandean, Urriaren 12an, Gasteizen emandako gertakariak, eta ez da gutxiagorako. Egunean bertan eta ondoren ateratako irudiek amorrua eta harrotasuna sorrarazten dizkigute. Amorrua, Espainiako faxistek poliziaren laguntza estuarekin Euskal Herriko plaza bat hartu zutelako, haien diskurtso arrazista, antiabertzalea eta erreakzionarioa zabaltzeko asmoz. Eta harrotasuna, ekintza horren aurrean uholde antifaxista bat antolatu zelako, beraien eskuetan zuten guztia baliatuz, ertzaintzaren bortizkeriaren gainetik eta horrek ekar zekizkiekeen ondorioen jakitun izanik.

Hala ere, ezin izan da gertakari hauetatik oharkabean gelditu Ertzaintzaren eta Falangisten arteko lankidetza, antifaxista hauen aurka joateko garaian. Argi eta garbi ikusi izan ahal dugu faxistak eta Ertzaintza antifaxisten aurka norabide berean joaten. Zinez, ahaztuko ez zaizkigun irudiak izan dira hauek, baina, zintzoki, gehiegi harritzen ez gaituztenak, aldi berean. Izan ere, ez da poliziak talde faxista edo erreakzionarioak laguntzen ikusten ditugun lehendabiziko aldia, oso presente baititugu Trintxerpen, Donostian edo Zintronikon emandako gertakariak. Eta Gasteizko hau ere azkena izango ez delakoan nago.

Hori gutxi balitz, gertakariak eman eta segidan etorri ziren alderdi politiko zein instituzioen adierazpenak. Poliziaren jazarpena zein Falangisten presentzia salatzetik urrun, bertan bildu ziren antifaxisten aurkako kriminalizazio kanpaina bat abiarazi zuten, gaurdaino irauten duena. Baina ez al dira alderdi horiek ultraeskuinari aurre egiten diotela esaten dutenak? Faxismoaren aurka bai, baina bozken bitartez soilik? Iraganeko borroka antifaxista aldarrikatuz, ahaztu egin al zaie honek zelan egiten zion aurre faxismoari? Akaso bozkak baliatu zituzten faxismoari aurre egiteko?

Alderdi hauek hauteskunde garaian “antifaxismoa”ren kareta jartzen baldin badute ere, hau bozkak lortzeko baliatzen duten eslogan hutsala da. Ondorioz, antifaxismoari bere eduki politiko guztia kentzen diote, hori bera praktikara daramatenak kriminalizatu eta jazartzeko punturaino. Are, “beltzez” zeuden horiek ez zirela antifaxistak, edo okerragoa dena, euskal faxistak eta totalitaristak direla entzun behar izan dugu.

Auzi honetan okerrena zera da: alderdi hauek ultraeskuinak eta faxismoak gora egiteko bidean alfonbra gorria ipintzen dutenak direla. Batetik, Euskal Herri Langileak nazionalki eta sozialki pairatzen duen zapalkuntzan sakontzen duten neurri politikoak hartuz eta, bestetik, Falangea bezalako talde faxisten presentzia normalizatuz eta zurituz, hauen aurka antolatzen diren militante politikoak jazartzen dituzten bitartean. Bide batez, alderdi hauek talde ultraeskuinen gusturako erabakiak hartzen dituzte, erreakzionarioen bozkatzaile potentzial hori ultraeskuinari kendu eta eurenganatzeko.

Hori da, hain zuzen ere, ehunka eta ehunka pertsona kalera atera eta faxismoari aurre egitera behartu zituena. Instituzioen bitartez egin ez zena, beraiek beraien baliabide urriekin eta poliziaren jazarpena jasanez egin behar izan zuten. Azken urteotan argi geratu den moduan, ez dira 4 urterik behin eskuratzen diren bozkak faxismoak kalean duen hedapena geldiarazi dutenak, Euskal Herri Langileak bere antolakuntza politiko propioaren bitartez gauzatutako antolakuntza eta borroka baizik.

Hori guztia kontuan izanda, ezin dugu Gasteizkoa gertakari isolatu gisa ulertu, adibide gisa baizik. Euskal Herri Langileak borrokaren bitartez kaleak berriz ere geureak egin ditzakegunaren adibide. Izan ere, Ertzaintzak kargatu zuen espainiar estatuaren zein euskal burgesiaren ordena auzitan jartzen ari zirenen aurkako norabidean. Eta hori da zinez beldurtzen diena, Gasteizko garaipena aurrerago etorriko diren gatazketan aurrekari bat delako. Balio beza Urriaren 12an aurrera eramandako borrokak, Euskal Herri Langileak independentzia eta sozialismoaren bidean aurrera eraman beharreko borrokaren eredu izateko.

Igaro da Urriaren 12a. Bertan diraute, ordea, borrak zein foam jaurtigailuek, borrek eragindako ubeldura zein fisurek eta atxiloketa zein identifikazioekin etorriko den prozesu judizialak. Beraz, adi egotea dagokigu. Urriaren 12an ehunka pertsona faxismoaren kontra mobilizatu ziren bezala, milaka pertsonak sareetatik honi babesa adierazi zioten bezala, orain honen ondorio errepresiboak pairatu dituztenekin batera egotea tokatzen da. Bai beraiei gure elkartasun eta laguntza osoa adierazteko, baita Ertzaintza zein Eusko Jaurlaritza egun horretan zein azken urteotan faxismoaren gorakadarekiko hartzen ari den izaera erreakzionarioa salatzeko ere.

Doakiela hemendik atxilotuak eta jazarriak izan ziren guztiei nire elkartasun, harrotasun eta babes osoa. Zuekin gaude!

Gora Euskal Herria antifaxista!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gM8m