Principal |
Nacionales E.Herria :: 24/10/2025

Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren berri emango du

La Haine - Euskal Herria
Segurtasun sailburuak adierazi duenez, PPk eta Voxek horretarako presio ikaragarria egin dute.

Ertzaintzak zenbait hedabideei zabaltzen dizkien prentsa oharretan aldaketa garrantzitsu bat egon zen hilaren 14an: delitu egileen nazionalitatea zehazten hasi zen. Zupiria Segurtasun Sailak adierazi duenez, Ertzaintzak aurrerantzean atxilotuen jatorriaren berri emango du. Azaldu du ez dutela haien herritartasuna jakinaraziko, baina bai jatorri geografikoa: “Argituko dugun herritartasun bakarra espainiarra izango da. Ondoren, europarrei, magrebtarrei, Saharaz hegoaldeko afrikarrei eta abarri buruz hitz egingo dugu”.

Segurtasun sailburuaren arabera, PPk eta Voxek “presio ikaragarria” egin dute legebiltzarrean Ertzaintzak atxilotuen herritartasunaren berri eman dezan. Voxeko buru den Santiago Abascalek garaipena ospatu du sare sozialetan, beren eskaera zen eta: "Garaipen berri bat. Beste pauso txiki bat. Oraingoan euskal gobernu erregionalaren aurrean. Voxi esker jakingo dugu kriminalen jatorria, gobernu eta hedabide asko urteetan ezkutatzen aritu zaizkigun zerbait”.

Ertzaintzak 2004tik ez du atxilotuen jatorriaren berri ematen, Arartekoaren eskaeraz. Herritarraren defendatzaileak argudiatu zuen jatorria, arraza, erlijioa edo kultura aipatzeak ez diola inolako ekarpen esanguratsurik egiten informazioari, eta immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura sustatzen duela.

Laster iritsi dira neurri honen aurkako kritikak. SOS Arrazakeria plataformako Mikel Mazkiaran abokatuak Berria-ri adierazi dio neurriak komunitate batzuen “kriminalizazioa eta diskriminazioa” elikatzen duela, eta ekarpen bakarra “aurreiritziak indartzea” dela.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gM98