
Azaroaren 15ean Euskal Selekzioa eta Palestinako Selekzioa izango da San Mamesen. Hori dela-eta, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta euskal taldeetako zaletuen harmailek kalejira bateratua egingo dute palestinar erresistentziaren alde. Adierazi dutenez, azaroaren 15eko partida kirol-ekitaldi bat izateaz harago, “aldarrikapen egun bat” ere izango da.
Palestinarekin Elkartasunaz gain, antolatzaileen artean daude Indar Gorri, Bultzada, Iraultza, Herri Norte, Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Indar Armagina, Indar Hori Beltz eta Indar Baskonia zaletu taldeak ere.
Antolatzaileen ustez, “estatu sionista Palestinan egiten ari den genozidioaren aurrean”, behar-beharrezkoa da mobilizatzen jarraitzea. Norabide horretan, “palestinar erresistentzia babesten eta Israelen zein bere mendebaldeko konplizeen kontra presio egiten jarraitzeko” beharra azpimarratu dute.