
Alcantarilla 2004an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Tres Cantoseko kuartelera eraman zuten eta inkomunikatuta zegoela torturak jasan zituen. Bi hilabete geroago horren testigantza idatzi zuen Soto del Realeko kartzelan zegoela, eta salaketa aurkeztu zuen Madrilgo 44. Instrukzioa Epaitegian. Aiert Larrarte Alcantarillaren abokatuak esplikatu zuenez, aste batzuetan epaitegiak kasua artxibatu zuen inolako diligentziarik egin gabe eta Alcantarilla deklaratzera deitu gabe.
2004ko urrian Burgosen atxilotu zuten momentutik gertatutako guztia kontatu zuen agerraldian Donostiako preso ohiak. Tres Cantosera iristean sei-zazpi agente zeuden gela txiki batera sartu zuten. “Bat-batean kolpe oso bortitzak eta gogorrak jasotzen hasi nintzen borra handi batekin. Batez ere buruan jotzen ninduten, baina baita lepoan eta besoetan ere. Erortzen nintzenean, kolpeka bultzatzen ninduten aurrera. Dena, sinistu ezin nuen oihu eta iseka giro batean. Amesgaiztoa zela uste nuen. Kolpeen ondorioz uzkurtu egiten nintzenean, barrabiletatik heldu eta altxatu egiten ninduten, ‘tinko, sasikumea!’ ohiukatzen zuten bitartean”, azaldu zituen torturak. Bere buruaz beste egiten saiatu zela azaldu zuen. Ggogoratu zuenez, torturatu zuten gelan “nagusi” deitzen zuten pertsona bat zegoen, urte batzuren ondoren Pérez de los Cobos koronela bezala identifikatuko zuena.
Madrilgo 44. Instrukzio epaitegian auzia berriro irekitzeko eskaera aurkeztu dute, baita zenbait neurri hartzeko ere. Besteak beste, ospitalaratzean eginiko txostena auzira batzera, Alcantarillari deklarazioa hartzea eta atxiloaldian zeraman jertsea proba bezala onartzea, odolez betea bait zegoen bere buruaz beste eginiko saiakeraren ondorioz. Gainera, instrukzioko epaileari eskatu diote ofizio bat eskatzeko Guardia Zibiliari, atxiloaldian parte hartu zuten agenteak identifikatu ditzan. Euskal Herriko Torturatuen Sareak GEBehatokiak Alcantarillak eginiko deklarazioak "sinesgarriak" direla adierazi zuten.
Alcantarillaren torturen auzia berriz irekitzea eskatu dute epaitegian