Principal |
Nacionales E.Herria :: 30/10/2025

Hamaika lagun kaleratu ditu Ertzaintzak Donostian

Xalba Ramirez
Azpikontratatuta zuten alokairua, eta haiek ordaindu arren, dirua kudeatzen zuenak ez zion jabeari ordaintzen.

Eoera triste eta krudela Egiako Aldapa kaleko 22. zenbakian. Hamaika lagun bizi ziren etxe batean, bakoitzak, logelako, 600 euro ordainduz, hilabetero-hilabetero. Batzuek hilabete gutxi daramate bertan bizitzen, beste batzuek, lau urte. Atzo kaleratu zituen Ertzaintzak, dispositibo zabala antolatuta. Arazoa? Azpikontratatuta zuten alokairua, eta haiek ordaindu arren, dirua kudeatzen zuenak ez ziola jabeari ordaintzen.

“Atzo abisatu gintuzten. Atzo”, diote, egoera sinistu gabe, gaur kaleratu dituzten bizilagunek. Ordainagiriak eta kontratuak erakutsi dituzte, dena dute, ustez, “legalki eta ondo” egina. Ordea, kaleratze agindua gaurko zegoen ezarrita, eta 09:00etatik aurrera Ertzaintzak eraman du aurrera.

Bizilagunen artean, 11 urteko mutiko bat dago eta zortzi hilabeteko haurdunaldia duen emakumea. Inorentzat ez dago etxebizitza aterabiderik. “Zerbitzu sozialetara deitu dugu, eta esan digute aterpetxean galdetzeko ea lekurik baden!”, diote, zur eta lur. Atzerritarrak dira asko, eta ez dute seniderik hemen. Ez dakite zer egin.

Hainbat bizilagun atera dira haiek babestera: “Arrazoia dute, iruzur egin diete”. Izan ere, ez dira atzo goizekoak etxe hauen inguruko gatazkak. Hainbat etxe daude bata bestearen ondoan, eta, denak dira jabe berarenak. Bizilagunek azaldu dutenez, pandemia aurretik etxebizitza turistikoak zituen, eta, lehenago, prostituzio etxea. Orain, ordea, berrakuratuta zegoen etxea, eta negozioa egiteko baliatu dute.

Egoeraren berri izan dutenean, zenbait eragileko kideak gerturatu dira lekura, kaltetuei babesa adierazi, eta batez ere, laguntzera. Gizarte Zerbitzuetara jo dute berriz ere, eta 11 urteko mutilaren familiari hiru egunez hotel bat ordainduko diotela azaldu dute, oraindik beste informaziorik ez duten arren. Haurdun dagoen emakumeari eta bere bikotekideari bost egun eskaini dizkiete aterpetxean, gaurtik aurrera. Atzoko, beraz, ez diete inolako alternatibarik eskaini. Gainontzeko pertsona guztientzat ez dago, oraindik, inolako alternatibarik.

Hamaika lagun kaleratu ditu Ertzaintzak Egian - Irutxuloko Hitza : Irutxuloko Hitza

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gM9n