
Berhezi Berdintasun Kontsultorioak salatu du Gorraizko jaietan (Nafarroa) talde batek eraso faxista eta LGTBIfobikoa egin zuela. Joan den irailaren 13an gertatu ziren erasoak, bi emakumeak harrera gune feministan lanean ari zirela. Berhezi berdintasunaren eta hezkidetzaren arloko prestakuntza, aholkularitza, ikerketa eta lankidetzako aholkularitza espezializatua da, eta hainbat trebetasun profesional eta sozial dituzten emakume feministen talde batek osatzen du.
Biktimak azaldu dutenez, ikur “frankistak eta falangistak” zeramatzaten gazte batzuk emakumeengana inguratu ziren, eta irain homofobo eta transfoboak egin zizkieten. Hori gutxi balitz, harrera guneko material informatiboa apurtu zuten, eta baimenik gabe grabatu zituzten langileak. Horrez gain, salatu dute udaltzainen jarrera “arduragabea” izan zela. Azaldu dute langileen lana zalantzan jarri eta “erasoa zuritu” zutela. Izan ere, “festa giroan jendea mozkortuta egoten dela” esan zuten udaltzainek, eta, biktimen esanetan, leporatu zieten erasotzaileak diskriminatu izana haien itxuragatik. Bukatzeko, salatu dute Eguesibarko Udala oraindik ez dela publikoki mintzatu erasoaren aurka, erasoa udalak eskaintzen duen zerbitzu batean gertatu zen arren.