Principal |
Nacionales E.Herria :: 06/11/2025

Alokairuen prezioak gora egiten jarraitzen du Ipar Euskal Herrian

Esteban Bastié Aguerre
Alda elkarteak azpimarratu du Ipar Euskal Herriko alokairuen prezioak Lyon edo Marseille bezalako hiri handien parean daudela, nahiz eta eskualdeko bizi-maila askoz apalagoa izan.

Azken urteetako datuek baieztatu dute: Ipar Euskal Herrian, bereziki Hego Lapurdin, alokairuak etengabe ari dira garestitzen. AUDAP hirigintza agentziak aurkeztu duen 2024ko behatokiko txostenaren arabera, alokairuaren banaz bertzeko prezioa 11,3 eurokoa da metro karratuka, eta 12,8 eurokoa « tentsiopeko » eremuetan —hau da, kostaldeko herrietan. Egoeraren larritasunaren aurrean, Alda elkarteak berehala erreakzionatu du.

Alda elkartearen arabera, egoera gero eta jasanezinagoa bihurtzen ari da biztanleentzat. Elkarteak azpimarratu du Ipar Euskal Herriko alokairuen prezioak Lyon edo Marseille bezalako hiri handien parean daudela, nahiz eta eskualdeko bizi-maila askoz apalagoa izan. Gaur egun, Lyonen bana bertze 12,7 euro ordaintzen dira metro koadroko, eta Marseillean 13 euro. Gainera, Aldak ohartarazi du etxebizitza motaren bilakaerak ere eragin zuzena duela: azken urteotan, mublatu alokairuak asko ugaritu dira, sei urtean 4.000 izatetik 7.500 izatera. Horrek, elkartearen esanetan, egoera are gehiago zailtzen du.

2024ko azaroan ezarri zen alokairuen mugatzeari dagokionez, Aldaren arabera, oraindik ez da haren eraginik sumatu, urte osoa oraindik aztertu gabe baitago. Beraz, eskaintzaren moteltzea ez litzateke neurri horren ondorio, baizik eta faktore anitzen emaitza: etxebizitzen prezioen igoera edo interes-tasen gorakada, besteak beste. Elkarteak azpimarratu du AUDAPen datuek erakusten dutela alokairuen gorakada ez dela etxebizitzen eskaintza txikitzearekin lotzen.

Horregatik, Aldaren ustez, «funtsezkoa da merkatuaren erregulazioa sendotzea». Azkenik, elkarteak eskatu du alokairuen mugaketa iraunkor bihurtzea eta lur zein eraikinen salmenta-prezioak ere arautzea, «merkatuaren logika espekulatiboari amaiera emateko».

Euskal Irratiak

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gN14