Principal |
Nacionales E.Herria :: 13/11/2025

Euskeraren aurkako beste epai bat ebatzi dute Gipuzkoan

La Haine - Euskal Herria
Bertan behera utzi dute 100 lanposturen eskaintza. Hori gutxi balitz, sententzia gutxietsi egin du euskararen erabilera: “Administrazioan izaten diren komunikazioen %20-25 baino ez dira izaten euskaraz”.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gipuzkoako Aldundiak 2023an LEP bidez 100 administrari-lanpostu eskaintzeko akordioa baliogabetzea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Administrazioarekiko Auzien Donostiako 1. Epaitegiak Lan Eskaintza Publiko pertsona batek jarritako errekurtso baten ondorioz emandako aurretiazko epai bat. Epaian, Justizia Auzitegi Nagusiak ondoriorik gabe utzi du aipatutako foru erabakia eta 100 lanposturen eskaintza. Sarbide orokorreko txanda librean 81 lanposturako deialdia egiten zuen; 9, desgaitasunen bat duten pertsonentzako txanda irekian, eta 10, barne sustapeneko txandan.

Epai horren arabera, aldundiak ez du argudiatu ezinbestekoa denik lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko: "Bada, egia esan, Aldundiak ez du justifikatu deialdiaren xede diren ehun plazetan euskaraz jardun ahal izatea ezinbesteko baldintza denik herritarrei administrazioarekin harremanak beraiek aukeratutako hizkuntzan izateko eskubidea bermatzeko (...). Ezin dugu ahaztu eskubide hori bat etorri behar dela enplegu publikora berdintasun-baldintzetan iristeko oinarrizko eskubidearekin".

Era berean, sententzian gutxietsi egin dute euskararen erabilera bera: “Administrazioan izaten diren komunikazioen %20-25 baino ez dira izaten euskaraz”.Bestalde, hizkuntza eskakizuna lanpostu guztiei ezartzea “diskriminazioa” da, sententzian bildutakoaren arabera. Zentu horretan, azpimarratu du hizkuntza hori jakiteko betebeharra, herritarrek erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko modu gisa, erkidego autonomikoari dagokiola, erabat; "ezin da funtzionarioetako bakoitzaren bizkar jarri betebehar hori, biztanleen erdiak baino gehiago diskriminatzea dakar, gainera".

Horiek horrela, “oreka” eskatu dute epaian: “Oreka lortu behar da herritarrek administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidearen eta gaztelaniadunek kargu publikoetara heltzeko duten eskubidearen artean”, argudiatu du. Ebazpena ez da irmoa, kasazio-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan eta/edo Auzitegi Gorenean.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gN20